"Arespalditzara joateko boluntarioak eskatu zituzten, eta segituan eman genuen izena", diote Josu Aizpuruak eta Eñaut Beltran de Herediak, 17 urte dituzten UDAko futbol jokalariek. Ondoren, beste biak konbentzitu zituzten: Markel de Cesero eta Unax Barrainkua. UDAk eta San Juan de Dios ospitaleak irailean abian jarritako drogen gaineko proiektuaren baitako esperientzia izan da; laurendako "esperientzia ahaztezina" eta berriz ere errepikatuko luketena.
Jokalariak, taldeen gidari
San Juan de Dios ospitaleko Emilio Martin psikologoak gidatu zuen egonaldia. Arespalditzan (Araba) elkartu ziren lau jokalari aretxabaletarrekin batera Madrilgo Nebrija unibertsitateko hamabost ikasle –erizaintzakoak eta fisioterapiakoak– eta San Juan de Dios ospitaleko bederatzi paziente. Jokalariek dagoeneko ezagutzen zituzten paziente horietako batzuk, urtean zehar hainbat jarduera landu dituztelako haiekin; gainerako guztiekin lehenengoz elkartu ziren. Hiru talde osatu zituzten eta jokalari bakoitza talde horietako baten gidari izan zen – talde batean bi egon ziren–. "Batez ere, jatorduak gertatzeko izan ziren talde horiek; gosariak, bazkariak eta afariak taldean gertatu ditugu, txandaka", diote.
Ariketak eta kirol jarduerak
Ekain hasieran egindako lau eguneko egonaldian, hainbat jarduera izan zituzten: ariketak taldean; drogen gaineko hitzaldia, ertzain batek emana; eta naturaz gozatzeko jarduerak. "Taldeko ariketak interesgarriak izan ziren, baina benetan elkar ezagutzen atsedenaldietan hasi ginen, kontu-kontari jardun genuenean", diote. Lana bakarrik ez, kirol jarduerak ere izan zituzten: "Errekan behera jaitsi ginen, eta oso ondo pasatu genuen. Hasieran, pazienteren batek edo bestek ez zuen egin gura izan, baina oso pozik bukatu zuten guztiek".
Datorren astean, partidua
Bizitakoarekin oso pozik itzuli dira gazteak: "Aurreiritzi askorekin joan ginen, eta ikusi dugu gaixotasun bat duten pertsonak direla, besterik ez", adierazi dute, eta gaineratu: "Bizi izandakoaren berri ematea oso gustuko zuten eta sekulakoak kontatu dizkigute; horrek zer pentsatua eman digu". Zer nabarmendu galdetzerakoan, argi dute laurek: "Bertako giroa. Oso harreman ona sortu da gure artean". Hortik abiatuta, datorren astean futbol partidua jokatuko dute, Ibarra futbol zelaian: "Ez da izango elkarren aurka, nahastuta baizik. Seguru asko, ostegunean jokatuko dugu".
Beste proiektu batzuk
Arespalditzako egonaldiak, baina, soka luzea ekarri du; Aizpurua eta Beltran de Heredia, esaterako, beste proiektu batzuetan sartu dituzte, beste kide batzuekin batera: "Drogen gaineko aplikazio bat sortzen lagunduko diegu Madrilgo ikasleei. Hainbat hitzaldi emango ditugu, gainera, ikastetxeetan –Arrasaten, Elorrion…– eta gurasoen aurrean. Eta 2019ko Arespalditzako egonaldia ere gertatuko dugu; begirale lez joango gara!".