Zirkuitu bihurtu zuten Gasteizko Mendizabalako aparkalekua, eta han, ikasleek diseinatutako eta eraikitako ibilgailu elektrikoen erakustaldia egin zuten. "Talde lana eta etorkizuneko mugikortasun sistemen ezagutza teknikoak balioan jarri ziren", jakinarazi dute ALEko ordezkariek.
Ibilgailuaren efizientzia maila ikusteko, azelerazio, balaztatze, slalom eta erresistentzia probak egin behar izan zituen talde bakoitzak. "Auto horiek oinarri motriz batean muntatu dira, hau da, motorra, motorraren kontrolagailua eta bateria izanik. Hortik aurrera, talde bakoitzak bere hobekuntzak egin dizkio", jakinarazi dute.
Mugikortasun iraunkorra sustatzea helburu duen Muisu Fundazioak antolatu zuen lehiaketa, Tknika-rekin eta ibilgailu elektrikoen garapen eta berrikuntzarekin zerikusia duten hainbat erakunderekin elkarlanean. Babesleen artean, esaterako, Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia zeuden.
Lan bikaina
Txapelketa hasi aurretik, taldeei harrera egin zieten, eta egiaztatze teknikoak egin zituzten gero. Ondoren, ikusleen aurrean, balaztatze, slalom eta azelerazio probak egin ziren; 12:00etan, txapelketa ekin aurretik, ordu erdiko entrenamendu librea izan zuten.
ALEko goi mailako automozioko ikasleen ibilgailuak lan bikaina egin zuen eta bigarren postua eskuratu zuten. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eman zien garaikurra.