Euskal dantzak kalean domekan, umeen eskutik

Mirari Altube Arrese 2018ko mai. 25a, 17:15

250 neska-mutiko baino gehiago elkartuko dira, herriko kaleetan, Leizarra musika eskolak antolatutako Haur Dantzarien Egunean. Arrasateko, Oñatiko, Antzuolako eta Soraluzeko dantzariek herrikoekin egingo dute bat emanaldi dotoreak eskaintzeko.

Maiatzeko azken domekarekin batera dator Haur Dantzarien Eguna eta herriko kaleak eta plazak euskal dantzekin beteko dira, beste behin. Arrasateko Lore Gazteak eta Txikitxu, Oñatiko Oñatz, Antzuolako Oinarin eta Soraluzeko Urrats dantza taldeetako kideak gerturatuko dira, eta Leizarra musika eskolakoak zain izango dituzte.

Herriko Plazan egingo diete harrera kanpotik datozenei (10:30), eta ondoren (11:45), kalejirari ekingo diote. Hamarretakoarekin (10:45-11:30) indarrak berreskuratuko dituzte, eta ondoren, herriko lau txokotan –Herriko Plazan, Lausitta plazan, Ilargi plazan eta Durana kalean– dantza saioak egin taldeka (11:30- 13:15). Etxeetara eta elkarteetara joango dira gero, dantzari zein txistulari, bazkaltzera.

Alardea elkarrekin

Arratsaldean Herriko Plazan elkartuko dira guztiak, alardea eskaintzeko (17:00). "Hiru mutil dantza egingo ditugu –Bizkaiko Txakarrankoa, Arabar Errioxako Tebi Paloteatua eta Gipuzkoako Brokel Dantza–, hiru neska dantza –Eltziegoko Arbola, Nesken gorularia eta Sagar dantza– eta beste hainbat elkarrekin –Sorgin dantza, Orbaizetako Xuxudantza eta Borobilean…–", dio Mikel Arce irakasleak.

Egun horretarako emandako laguntzagatik, Udala, elkarteak eta gurasoak eskertu gura izan dituzte Leizarrako kideek.

Mikel Arce: "Harremanak estutzeko eguna izaten da"

Leizarra musika eskolako dantza eta perkusio irakaslea gasteiztarra da eta lau urte daramatza Aretxabaletako eskolan.

Dantzarien topaketak garrantzitsuak dira?

Bai, horixe! Umeek beste herri batzuetako dantzariak ezagutzen dituzte, lagunak egin, eta herri horietan zelan dantzatzen duten ikusi... Harremanak sortzea eta sustatzea garrantzitsua da. Eta dantzak kalera ateratzea; kontua ez da ikastea bakarrik, horiek erakustea ere bai.

Osasuntsu daude euskal dantzak Aretxabaletan?

Bai; zortzi talde daude eskolan 4 urtetik hasita, eta gurasoen talde bat ere badago. Ekitaldi askotan hartzen dute parte, gainera: Aratuste bezperan, Otala Zelai egunean…

Mutilak falta dira?

Bai! 120 neska inguru izango dira eta hamaika mutil. Futbolak izugarrizko indarra du eta musika eskola azken aukera izaten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak