Euskaraz sormena sustatzeko eta gazteen artean ikus-entzunezkoen diziplina berriak bultzatzeko sortutako lehiaketa da Euspot. Gaur egun, Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateak, Artemanek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arizmendi Ikastolak antolatzen dute, eta pozik dira aurtengoak izan duen harrerarekin; izan ere, "izugarrizko igoera izan da parte hartzaile kopuruari begiratuta eta baita kalitateari dagokionez ere".
Oraingoan, Euskal Herri osotik bidalitako 73 spot jaso dituzte, iaz baino 22 iragarki gehiago. "Aurkeztutako lanen artean, 18 urtetik beherakoek eginiko 47 lan jaso ditugu, eta 18 urtetik gorakoek eginiko 26 lan. Iazkoarekin alderatuz, igoera horren arrazoia da, hainbat ikastetxeetan, propio lehiaketarako, egindako lanketa berezia. Aipatzekoa da, era berean, batez ere, 18 urtetik beherakoen arteko lanek kalitatean izan duten igoera nabarmena", azaldu du Artemaneko Gorka Zubizarretak.
Irudi digitalaren eraginari buruz
Sare sozialen erabileraren inguruan hausnarketa egiteko asmoarekin proposatu zuten antolatzaileek aurtengo gaia. "Nerabeek eta helduok sare sozialetan gutaz lantzen dugun irudiari ematen diogun garrantzia, eta sare sozialek gure arteko harremanetan duten eraginari buruzko iragarkiak eskatu genituen; eta, egia esan, modu ezberdinetan ulertu da gaia, hortaz, askotariko istorioak jaso ditugu, baina, orokorrean, eskatutako bidetik".
Lehiaketa huts bat baino gehiago da, baina, Euspot: "Ikastetxeetan izan gara ikus-entzunezkoei buruzko formazio txikiak ematen. Aurten, gainera, Debagoiena gaindituta, Donostiaraino heldu gara. Era berean, ikaragarria da sare sozialetan izan dugun oihartzuna: bikoiztu egin dugu kopurua, 2000 jarraitzaile izan ditugu".
2.550 euro, saritan
Bost kategoriatan, bost sari banatuko dituzte: spotik onenarentzako; MUko ikasleentzako; publikoaren saria; 14 eta 18 urteko ikasleentzako BHKlip saria, eta aurtengo berria: musika sinkronizazio onenarena.