Mugarriak berrikusteko ohitura, taula gainera

Mirari Altube Arrese 2018ko mai. 11a, 07:39

Mugarrixak antzezlana estreinatuko dute Arkupen bihar, zapatua, Apropoxek ekoiztuta eta zuzenduta; udal ordezkariek, Otala Zelai egunean, herriaren mugarriak berrikusteko duten ohitura nondik datorren azalduko dute umore handiarekin.

Urtero-urtero, Otala Zelaiko erromeria egunean, mugarriak berrikustera joaten dira udal ordezkariak; eta aurten ere halaxe egingo dute. Herritar askok ez jakin arren, ehunka urte dituen ohitura da. Hori jaso gura izan dute Kultura Saileko kideek, eta antzezlana egiteko proposamena egin zioten Apropox sormen taldeari. Bihar, zapatua, aurkeztuko dute Mugarrixak lana, Arkupen (22:00); sarrera lau euro da.

Mugarrien gaineko eztabaida

Ikusleak historian kokatuko dituen proiekzio batekin emango diote hasiera ikuskizunari: "1490era joango gara, eta sasoi hartan Aretxabaletan zelan bizi ziren aditzera emango dugu", argitu du Iurgi Etxebarriak, Apropoxeko gidariak. Mugarriak ikustera joan aurreko egunean, San Martin elizan, zin egin ohi zuten leialak izango zirela eta tranparik ez zutela egingo mugarriak mugituta. Hori abiapuntu hartuta, mondragoetar bat eta aretxabaletar bat izango dira ikuskizuneko protagonista: "Mugarria zuzen jarrita dagoen edo ez eztabaida izango da oholtza gainean", dio Etxebarriak. Datu interesgarriak jaso direla ere jakinarazi du: "Esaterako, lehen ez ginen Aretxabaleta, Leintz bailara baizik; eta erdiguneak ez zuen herria egiten, auzo guztiek garrantzi berbera zuten".

Herriko aktoreak

Eskarmentu handiko Jon Zubiaga Osoron arrasatearrarekin batera, Beñat Arizabaleta eta Lur Garai gazte aretxabaletarrak izango dira oholtza gainean. "Azken orduan batu da Lur Garai, eta neuk egin behar nuen paper txiki bat egingo du", dio Etxebarriak. Aldaketarik ez bada behintzat, emanaldi bakarra eskainiko dute, biharkoa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak