Herritarrengan jarduera fisikoa sustatzea helburu duen Atxabalta Mugi egitasmoak dagoeneko bi urte ditu. Athlon kooperatibak du horren ardura, eta Maialen Alkorta bergararrak hartu du otsail arte dinamizatzaile lanetan ibili den Iñaki Olaetxearen lekua.
Aholkuak eta jarraipena
Nagusiak dira ohiko erabiltzaileak, Basotxo erretiratuen elkarteko kideak: "Osasun etxetik paziente asko bideratzen dituzte; bereziki, honako profil hau dutenak: sedentarioak, hipertentsioa dutenak, diabetes IIa, hiperkolesterolemia eta antzekoak", dio Alkortak, eta gaineratu du: "Orain, Udaleko Gizarte Zerbitzuekin adostu dugu handik ere guregana bideratzea". Dena den, ez da derrigorra bi bide horietatik gerturatzea Atxabalta Mugira, ateak zabalik dituzte edozein norbanakorendako. Durana kalean –Murruxiko mendizale elkartearen lokalean– egoten da Alkorta astelehenetan (09:30-13:30) eta Ibarra kiroldegian eguaztenetan (14:30-18:30). Gerturatzen direnek jarduera fisikoa egiteko aholkuak jasoko dituzte, eta ondoren, jarraipena egingo diete.
Erorketen gaineko lantegia maiatzaren 23an
Aholkuak eman bakarrik ez, ikastaroak eta jarduerak ere antolatzen dituzte. Aurtengo ikasturtean, esaterako, bi ikastaro jarri dituzte abian kiroldegian: batetik, KOI dago –koordinazioa, oreka eta indarra–, astelehen eta eguaztenetan (16:00- 16.45); eta bestetik, yoga, martitzen eta eguenetan (16:00-17:15). "Horietan parte hartzeko ez da zertan kiroldegiko bazkide izan, baina bai Atxabalta Mugiko erabiltzaile. Hilabetean kuota finko bat dute bi ekintzok", dio.
Bestetik, maiatzaren 23an, eguaztena, erorketen gaineko lantegia egingo dute Arkupen (10:00-12:00). 65 urtetik gorakoendako da eta aurrez eman behar dute izena; hona bideak: osasun etxean (943 71 19 59); Basotxon (943 79 78 46) eta Gizarte Zerbitzuetan (943 71 18 62). Horiez gain, Basotxorekin elkarlanean, ibilaldiak antolatuko dituzte maiatzerako eta ekainerako.
Nerabeen sarea
Hurrengo erronka nerabeei heltzea da. Hain zuzen, nerabeen sarea osatu gura dute herriko hainbat esparrutako ordezkariekin batera, besteak beste, ikastetxeetakoekin, kale hezitzaileekin eta udal ordezkariekin. "Gaztetxoengan jarduera fisikoa sustatu gura dugu. Horren gainean hausnartu eta ekintza zehatzak aurrera eramatea izango da helburu nagusia".