Aretxabaletako tomatea, tomate arrosa edo tomate mozkorra izenez ezaguna dena oso famatu eta estimatu egin da azkeneko urteetan Gipuzkoa osoan. Hainbat lehiaketatan arrakasta izan du, eta, tokiko baratzeetako tomate mota horrek interesa piztuta, ikerketa abiatu zuen Marc Badal idazleak. Horrekin batera, Aretxabaletako tomatearen inguruko doktoretzatesi antropologikoa egiten ari den Marta Barbarekin elkarlanean, tomate mota horren historia ezagutzeko hainbat elkarrizketa egin dituzte, eta, ikerketa-lan sendoaren ostean, Aretxabaletako tomatea. Bioaniztasuna, lurraldea eta jakintza partekatua izeneko liburua idatzi du Badalek.
Ikerketa-lan sendoa
Hori horrela, Marc Badal katalanak idatzitako liburua maiatzaren 10ean aurkeztuko dute, Arkupen, 18:30ean, eta hura izango da bertan liburuaren nondik norakoak azaltzen.
"72 orri ditu, eta irakurtzeko arina den liburu honetan, Aretxabaletako tomatearen historia kontatu nahi izan dut; nondik datorren, edo nola etorri zen. Tomate mota horrek izan duen hedapena, eta hori egiteko erabili den modua… Horretarako, hainbat elkarrizketa egin ditugu ekoizle ezberdinekin, eta liburuaren aurkezpenean elkarrizketa horietako protagonista batzuk ere izango dira Arkupen", adierazi du Marc Badalek, liburuaren egileak.
Tokiko tomatea hedatze aldera
Liburuaren gaineko azalpenak eman ostean, tokiko tomate mota ezberdinak banatuko dituzte hitzaldian. Izan ere, funtsean, hori izan da lan hori egiteko helburu nagusietako bat: "Tokiko baratzeetako tomate mota gutxi geratzen dira gaur egun, eta, kultura hori sustatzeko, herritarren artean zabaltzea da asmoa".
Ikerketa interesgarria
Aretxabaletako tomate mota horren historia zati bat ezagutzen dute herritar askok, baina, ikerketarekin, bitxikeria interesgarriak batu dituzte. "Zer bilatu dugun, ezin dut esan. Nahiago dut jendeak liburua irakurtzea eta deskubritzea".