Iaztik dihardute lanean Aretxabaleta Lagunkoia egitasmoko kideek, eta dagoeneko fruituak ematen hasi da proiektua. Hamazazpi lagunek osatutako taldea –65 eta 85 urte artekoak– aldiro elkartzen da pertsonendako egokitutako herri txukuna lortzeko lanean.
"Herriaren gaineko diagnostikoa 2013an egin genuen, baina, iaz Udalak ere egitasmo horrekin bat egitea erabaki zuenez, aurretik egindako lan hura eguneratzea erabaki genuen", adierazi du Pedro Etxebarriak, taldeko kideak. Dagoeneko hiru arlo eguneratu dituzte: Aire libreko guneak eta Eraikin publikoak; Garraioa; eta Etxebizitza. Eta oraindik egiteko dituztenen artean daude beste hauek: Parte-hartzea eta Sare sozialak; Errespetua eta Gizarte inklusioa; Gizabidezko parte-hartzea eta Enplegua; Komunikazioa eta Informazioa; eta Komunitateko zerbitzuak eta Osasun zerbitzuak.
Plataforma iraunkorra
"Lehenengo arloko proposamenen erantzunak jaso ditugu eta orain bigarren arlokoen zain gaude. Aurrez aurre zein idatziz jaso ditugu eta oso eskertuta gaude". Era berean, pozik agertu dira, egindako lana herriaren intereserako dela aitortu dietelako. Era berean, eskaera batzuk egin dizkiote Udalari: "Azalpen gehiago eskatu ditugu kontu batzuetan, data batzuk… Baina jakin badakigu egingarriak ikusten ez dituzten lanak alboratu egingo dituztela", dio Etxebarriak.
Parte-hartzerako herritarren plataforma legez eratu direla gaineratu du, eta bertako lagunak aldatuaz joan arren talde iraunkorra izan gura duela.