Aretxabaletako lau idazleren arteko solasaldia Arkupen, bihar

Mirari Altube Arrese 2018ko api. 19a, 17:30
Solasaldian elkartuko diren herritarrek idatzitako liburuak.

Atxabaltan bizi eta idatzi leloarekin mahai-ingurua egingo dute egubakoitzean, apirilaren 20an (18:30), Arkupen, herrian bizi diren lau idazlek. Idazterakoan bizi izandako esperientzia partekatuko dute herritarrekin, eta euren liburuen berri eman. Liburu horiek zapatuan salgai jarriko dituzte Herriko Plazan (12:30-14:00).

Liburu bana idatzi duten eta Aretxabaletan bizi diren lau lagun elkartuko dira gaur, egubakoitza, Arkupeko Zaraia aretoko mahaiaren bueltan (18:30). Atxabaltan bizi eta idatzi leloa berbetarako gai hartuta, bakoitzak bizi izan duen esperientziaren berri emango du. Udaleko Kultura Saileko kideek antolatu dute, Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira.

Esperientziak partekatu

"Hainbat idazle ditugu gurean, zazpi, behintzat, bai, eta horiengana jo dugu zerbait antolatzeko asmoarekin. Idazteko harra edo giroa sortu gurako genuke horrekin herrian", adierazi du Joxe Migel Uribarrenek, Kultura zinegotziak. Udalak proposamena bota, idazle horietako batzuk elkartu eta solasaldia egingo dute, liburua idazteko prozesuan bizi izan duten hori herritarrekin partekatzeko. "Asmoa da idazlearen bizimodua, nork bere esperientzia, elkarbanatzea eta gure liburuen gainean berba egitea", dio Aretxabaletan bizi den Josune Murgoitio arrasatearrak. Colores prohibidos lehenengo liburuaren ostean beste bat gertatzen dabilela aurreratu du hark: "Margotutako hormak liburua prestatzen nabil, Durangoko Azokara begira".

Judit Ruiz de Munain, ostera, Aguraindik (Araba) etorri zen Aretxabaletara bizi izatera, eta horren berri eman gura du: "Zelan iritsi nintzen hona, noiz eta nola hasi nintzen idazten…"; eta hauxe gaineratu du liburu erotikoaren egileak: "Oso esperientzia polita izan da, jendeak harrera beroa egin dio liburuari eta asko animatu naute. Orain ere hainbat ideia ditut buruan, eta lanean jarraitzen dut".

Luis Jose Errasti erretiratu ostean hasi zen idazten, eta dagoeneko bi liburu dauzka argitaratuta: "Eleberria da Altruista eta Aretxabaletan bertan kokatutako istorioa da. Relatos casi prohibidos, ostera, hemeretzi ipuinekin osatu dut", dio. David Agirrek historia kontuak eta misterioa bateratu ditu Triangulos en la cueva eleberrian. "Idazle bakoitzak hamar bat minutuko tartea izango du gaur, eta gero, entzuleen galderak erantzungo ditugu", jakinarazi du. Bukatutakoan, mokadutxoa eskainiko dute.

Zapatuan, azoka Herriko Plazan

Zapatuan, ostera, liburu horiek guztiak Herriko Plazara aterako dituzte (12:30etik 14:00etara) eta salgai jarri; herritarren iritziak eta zalantzak argitzeko gertu izango dira, gainera, lau idazleak. "Udalaren laguntzarekin argitaratutako hainbat liburu, biltegian gordeta ditugunak, ere aterako ditugu", jakinarazi du Uribarren zinegotziak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak