Xabi Antxia: "Bidaia bat egiteko proposamena bota dut eta dagoeneko 60 lagun batu dira"

Mirari Altube Arrese 2018ko api. 21a, 09:30
Xabi Antxia Uribeetxebarria

Iaz zabaldu zuen Euskal Youtuber kanala Xabi Antxia Uribeetxebarria (Aretxabaleta, 1995) youtuberrak, eta atsedenalditxo baten ostean itzuli egin da, ideia berriekin eta erronka handiekin itzuli ere.

Euskal Youtuberra bueltan da atsedenalditxo bat hartu ostean…

Aurreko urtean kanalarekin hasi, eta ohartu orduko, jende askorengana zabaldu zen. Horren aurrean Youtube nirekin serio jartzen hasi zen, eta aldi berean, ez nuen espero jendearen partetik horrelako erantzunik jasoko nuenik. Denbora asko eskatzen zidan mugimendu guzti horren aurrean nire buruari galderak egiten hasi nintzaion eta blokeatu egin nintzen. Berandu izan baino lehen kanala itxi eta lasai bizitzera bueltatzea erabaki nuen; horrela, hiru hilabetez inolako sare sozialik gabe egon naiz. Tarte horretan jendeari kanalaren itxierak tristura eragin ziela ikusi izanak irekiera birplanteatzera eraman nau. Horrela, izen bereko  kanala  zabaldu dut, Euskal Youtuber, baina oraingo honetan beste mota bateko bideoekin, eta batez ere, nire egunerokotasunean eragin gutxiago izango duen antolakuntzarekin.

Iaz zabaldu zenuen kanala Youtuben, zelako esperientzia izan da?

2017an zabaldu eta 2018 hasieran itxi egin nuen; youtuber hasi berri baten lehenengo pausuak izan ziren, esperimentazio fase bat. Hitz gutxitan, emozio ezberdinez betetako noria bat zen hura. Era askotako bideoak eskaintzen nituen; horiekin, batzuetan gustura geratzen nintzen eta beste batzuetan nire helburuak betetzen ez nituela sentitzen nuen. Bideoetako batzuk: Marokokoa, euskal ipurdiena, maniqui chalenguea, bizkotxoaren errezeta..., hau da, jendearen gustukoak izan zirenak, kanal berrian ikusgarri jarriko ditut baina hauen kalitateak eta formatuak ez dute zer ikusirik 2018tik aurrera igoko ditudan bideoekin. Hasierako esperientzia honi esker, ikasketa ofizialekin loturarik ez duten esparru ezberdinetan (ikus-entzunezkoak, antzerkia...) asko ikasi dudala sentitzen dut, eta nire
ezaugarri pertsonal batzuk landu ditudala, sormena esaterako. Beraz, 2018ko kanal berri honetan hori islatu nahi dut.

Eta orain zer eskaini gura duzu, zerbait ezberdina behar bada?

Kanal berriarekin aste bat daramadala kontuan hartuta, berriz ere prozesu baten hasieran aurkitzen naiz, baina oraingoan, beste ezaugarri batzuekin: bideoen kalitate hobea, rol ezberdin bat, jendea erakartzeko estrategiak… Horregatik, gai ezberdinak eskaintzen jarraituko dudan arren, aldaketa nagusienak bideoen formatuan ikusiko dituzue. Nire asmoa, jendearen inspirazioa bilatzea da: toki berriak ezagutzeko, esperientzia berriak bizitzeko, balore aberasgarriak barneratzeko… Edozer gauza zirraraz egitea garrantzitsua dela aldarrikatuz. Hau guztia, nire lehengo kanalaren oinarrizko helburua baztertu gabe: euskara bultzatzea. Beraz, oraindik ere asko ikasteko dut, baina kanal berri honetan poliki-poliki gauza handiak egingo ditudala sinesten dut.

Italia aldean ibili zara eta hango ibileren berri eman duzu; zelatan Italian?

Bidaiatzeko joera handia daukat; urte erdiz Herbehereetan bizi izan nintzen eta ordutik dirua aurreztu eta tarte bat daukadan bakoitzean herrialde ezberdin bat ezagutzen saiatzen naiz, bakarrik edo konpainiarekin. Kasualitatez, kanal berria zabaltzeko erabakia hartzen nenbilela Italia ezagutzen nengoen, eta lehenengo bideotzat aurkezteko aukera paregabea zela ikusi nuen. Hori dela eta, bertan nuen kamera zahar batekin bideo bat grabatzen ahalegindu nintzen, eta azkenean esperientzia honi buruzko bi bideo irten dira. Oraindik kanala gehiegi publikatu ez dudan arren, bideoa ikusi duen jendeak hobekuntza handia nabaritu duela eta oso entretenigarriak direla esan dit. Nire ustez, berriz, ez ditu 2018ko bideoetarako jarri ditudan irizpideak osotasunean betetzen. Une horretan kanala zabaltzearen inguruko zalantza ugari nituenez, grabatzeko ahalegina ez zen apartekoa izan eta euskararen zuzentasunari ez nion garrantzia handirik eman. Hala ere, lehengo bideoak baino hobeak direla uste dut eta ondorengoak indartsuago etorriko diren arren hasiera emateko onargarriak dira. 

Bidaia baterako proposamena ere egin diezu zure jarraitzaileei; azaldu zer den hori…

Oraingo honetan gauza handiak egiteko gogoarekin nator. Horregatik, berriro ere sare sozialak zabaldu ditut, eta aste betean hainbat jarraitzaile batu eta gero, proposamen batekin aurkeztu nintzen: udan jende ezberdinez osatutako bidaia bat egitea. Proposamena Aretxabaleta mailan zabaldu nuen arren ez nizkion inori ateak itxi, inor baztertu gabe eta minik egin gabe youtuber eredugarria izan nahi dut eta. Kontziente nintzen erronka zaila zela eta inor ere ez animatzeko aukera handiak nituela, baina saiakeretan sinesten duen pertsona izanik, pauso zehatz batzuk ongi pentsatu eta hauek banan-banan betez aurrera jarraitzea erabaki nuen. Nora, nola, zenbateko aurrekontuarekin... zehaztu aurretik, jendea prest egongo zen jakiteko "google inkesta" bat sortu nuen. Esperotakoa baino askoz ere erantzun gehiago jaso nituenez bigarren pausua ematea erabaki nuen: prest zegoen jendearekin Whatsapp talde bat sortzea. Guztion harridurarako, toki eta adin ezberdinetako 60 pertsona inguru gaude taldean (ibarretik kanpoko batzuk ere badaude) eta hurrengo pausua data zehaztea izango da. Ez dakit proposamen hau nola irtengo den, agian azkenean ez da bidaiarik egongo, baina positiboki pentsatuta, agian bizitzako esperientzia berezienetariko baten aurrean gaude. Hala ere, honen helburuetako bat ondoren bidaiari buruzko bideo bat grabatzea den arren, kasu honetan beste helburu batzuk ere baditudala argi utzi nahi dut eta grabatzearena ez dela lehentasun bat.

Jarraitzaileekin hartu-emana bultzatu izan duzu aurretik ere, garrantzitsua da?

Mundu honetan hasi nintzenetik, nire arazo nagusiena jarraitzaileak zehaztearena izan da. Haur batek, gazte batek eta heldu batek oso gauza ezberdinak bilatzen dituzte, eta nik beraiekin izan dezakedan hartu-emana oso ezberdina da, horregatik gauza hauekin hasi aurretik ongi pentsatu behar dut. Youtuber ezagun gehienek jarraitzaile zehatz batzuk dituzte, adinaren eta gaiaren arabera sailkatuta, baina hizkuntza dela eta oso erraza egiten zaie gai horretan interesatuta dauden jende pila bat bilatzea. Nire kasuan, zoritxarrez, hizkuntza muga handi bat da, eta euskarazko bideoak zabaltzea oso zaila izanik, zer esanik ez euskarazko gai espezifiko bat zabaltzea! Hori dela eta, ez diot jarraitzaile gehiegi edukitzeari garrantzia handirik ematen, ditudanak gustura eduki nahi ditut eta beraiekin dudan hartu-emana ahalik eta gertukoena eta bereziena izaten saiatzen naiz, hau funtsezkoa da eta.

Zoraturik zaudela ere esango zizuten…

Gaztetxoa nintzenetik askotan entzun dudan zerbait da, ez da Euskal Youtuberraren ondorio bat. Nire ustez gauza ezberdinak edo ez ohikoak egiten ditudala esateko beste modu bat da, inoiz ez didate modu txar batean esaten. Oso pertsona sentikorra naiz, nire ametsak betetzeko esfortzu handia egiten dut eta jendeak hori deskribatzeko zoro hitza erabiltzeko joera dauka. Nik argi daukat nire burua bere tokian dagoela, eta jendeari eta baita nire buruari ere, bizipoza eskaintzeko jokatzen dudala horrela; beraz, minik egin ez eta hori islatzen dudan bitartean ez diot garrantzirik ematen.

Zeure bizitza erakusteak (intimitatea galtzeak) ez dizu beldurrik ematen?

Erakutsi nahi ez dudan ezer ez dut erakusten. Egia da youtuber askok beraien bizitza kontatzen dutela baina hori ez da nire estiloa, ez dut horretarako beharrik sentitzen. Mundu honetan aritzeak ez du sare sozialekin uneoroko kontaktuan egotea suposatzen, bakoitzaren erabakia da eta nik asko kontrolatzen dut. Egia da, bidaiatzen agertzen naizen bideo batzuetan nire pribatutasunaren filtroa nahiko zabala dela, baina hori nire izaeraren parte da eta ez dut gauza arrarorik edo kaltegarririk partekatzen. Nire bizitza pribatua ongi gordeta daukat, eta nire egunerokotasuneko ordu gehienak publikoak ez diren aurrez aurreko harremanetan pasatzen ditut. Orokorrean aurreiritzi eta tabu asko ditugula uste dut, eta askotan, pribatutasunaren terminoak nahasten ditugula. Jendeak nire bideoak ikusten dituenean aurreiritzi kaltegarriak sortzen baditu ez dut uste arazoa nirea denik.

Eta bideo guztiak euskaraz, ezta?

Hizkuntzak asko atsegin ditut, baina argi daukat denen aurretik euskararekin identifikatzen naizela, nire ama hizkuntza da eta honek duen balioaz oso kontziente naiz. Hori dela eta, bideoetako oinarrizko hizkuntza bera izango da. Honek ez du esan nahi beste batzuk baztertuko ditudanik; izan ere, egoeraren arabera beste batzuekin nahastea aberasgarria izan daiteke, beti ere protagonista euskara izango dela azpimarratuz. Hau da, bideo batean Italiako pertsona batzuekin gaztelaniaz hitz egiten badut, ez du euskara baztertzen ari naizela esan nahi, egoerak hori eskatzen zuela baizik. Ulertu beharra dago hau nire ofizioa ez den heinean, nire gustuko erabakiak hartzeko eskubidea dudala eta egoera baten aurrean ingelesezko abesti bat jartzea erabakitzen baldin badut nire arrazoiak izango ditudala. Garrantzitsuena, jendeak euskara hizkuntza bezala ikustea dela uste dut, hau da, gure ekintzak mugatuko ez dituen eta gure egunerokotasunean protagonista izango den tresna bezala. Nire ustez, euskara estilo konkretu batera bideratzea kaltegarria izan daiteke. Egia da, ahalik eta euskara zuzenena erabiltzea edo euskal musika sustatzea garrantzitsua ikusten ditudala, baina hori nire ideologiarekin lotuta dago, ez youtuber euskaldun batek derrigorrez bete beharreko baldintzekin.

Youtube mundu zabala da. Bide horretatik jarraitzeko asmoa duzu: bidaien kontakizuna…?

Momentuz ez dut gaietan inolako mugarik jartzea nahi, natural jokatu eta jendearen emozioak ukituko dituen bideo ezberdinak sortzen saiatuko naiz. Hala ere, nire gai nagusiak bidaiak izango direla aurreikusten dut, bi zaletasun bateratzeko aukera bikaina da eta. Argi daukadana da, ez naizela aurreko kanalean bezala, Urkulu urtegian zortzi minutuko txapa bat botatzen agertuko da, horrek ez baitu inoren aldartea mugiarazten. Hemendik aurrera indartsuak izan daitezkeen nahasketa ezberdinetan jarriko dut fokua: tristura eta bizipoza, amorrua eta esperantza, beldurra eta adrenalina,
eta abar. Horrek prozesu luze bat suposatzen du baina ez daukat presarik, azken finean, prozesu honetako esperientzietan zehar gozatzean datza.

Afizioa da oraingoz, ofizio bihurtzeko asmoarekin?

Youtubetik bizitzea edozein youtuberren ametsa da, baina ez da errealista, esku batekin zenbatu daitezke webgune honetatik bizi diren pertsonak. Gainera, aukeratu dudan hizkuntza kontuan hartuta are gutxiago; agian, arrakasta handia izanez gero, asko jota, laguntza ekonomiko bat jasoko nuke. Nik argi daukat Euskal Youtuber izatea nire bizitzako zati bat dela, ditudan afizioetako bat eta dirua ez den hainbat onura eskaintzen dizkit. Hala ere, esan beharra daukat webgune honetatik kanpo mundu honetan lan egiteko aukerak sortu zaizkidala, baina nik nire ofizioa irakasle izatea dela sentitzen dut, eta nire orain arteko bizitza alor horri eskaini diot eta horretan jarraituko dut. Beraz, oraingoz nire denbora librean gozatzeko balio dit, eta aurrerago, honekin lotutako zerbait sortzen bazait, egoera baloratu beharko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak