Loramendi Euskara Elkarteko Toponimia taldeko kideak Santa Ageda neska-mutilen inguruko ohitura aztertzen ari dira. Santa-eskea, tantaia, Santa Ageda eguneko dantza eta kantuak, Santa Ageda bezperan egiten zutena, Aratusteak... Izan ere, ohituraren transmisioan, galdu edo aldatu diren hainbat gauzaz ohartu dira, eta eboluzio horren adierazleak zeintzuk izan diren jakiteko eta kontrastatzeko herritarren iritziak jaso nahi dituzte.
Azterketa hori gauzatzeko, Santa Ageda neska-mutilen ohitura hasi zenetik gaur egunera arteko Aretxabaletako kintada guztietara galdetegi bat bidali dute Loramendi elkartekoek. Hala, inkesta bat betez, kintada bakoitzak bere esperientzia kontatu dezan.
Hausnarketa elkarlanean
Inkestaren emaitzak jasotzean, 60-70 urteko esperientziak batu nahi dituzte, eta horiekin txosten bat egin, urteetan zehar ohitura horren bilakaera ikusi eta herritarren aurrean zabaltzeko asmoarekin. Txostena egitean, Aretxabaletako kultura eragile ezberdinekin batzeko asmoa adierazi dute Loramendi Elkarteko Toponimia taldekoek; hala, txostena aztertu eta gaur egungo egoera ikusiaz, hausnarketa egiteko. Dena den, interesa duen Aretxabaletako edozein herritarrek ere aukera izango du hausnarketa horretan parte hartzeko, nahi izanez gero, eta, horretarako, Loramendira joan beharko du.
Inkestaren nondik norakoak
Lehenengo pausoa inkesta betetzea izango da, eta hainbat galdera batzen ditu inkesta horrek: zenbat laguneko taldeetan irteten ziren, neskarik ba al zegoen taldean edo ez, tantairik jaso zuten edo ez, nondik ekartzen zuten tantaia, dantza eta kantuak aurretik ikasten aritu ziren edo ez, Santa Ageda bezpera eguneko jantzia nolakoa zen, Santa Ageda bezperan auzo eta baserri guztietatik pasa ziren edo ez, soinu-jolerik bazegoen edo ez, bildutakoarekin jatorduak egiteko moldatu ziren edo ez... Mota horretako galderak erantzun beharko dituzte kintada ezberdinetakoek.
Lan prozesua
Hilaren amaieran, inkesta guztiak jasota izan nahi dituzte Loramendi elkartekoek, eta, erantzun ezberdinak batu ostean, maiatz erdialderako txostena eginda izan nahi dute.
Amaitzeko, maiatzaren azken asterako bilera deitzea aurreikusten dute, eta bertan eztabaidatu ohiturak aldaketa behar duen edo ez, zer hobetu daitekeen, ezer egitea merezi duen edo bere horretan utzi.