Aretxabaletako lehenengo alkate abertzalea omendu dute haren gaineko liburuaren aurkezpenean

Mirari Altube Arrese 2018ko api. 14a, 16:50

Pedro Jauregi Leibar (Aretxabaleta, 1903-Errenteria, 1985) zein izan zen ezagutzera eman eta haren memoria historikoa berreskuratze aldera haren gaineko kontuak jaso ditu liburuan Aitor Antxia Leturiak. Pedro Jauregi Leibar, Aretxabaletako lehen alkate abertzalea liburuaren aurkezpen ekitaldian omenaldi xumea egin diote senideek, gertukoek eta Udaleko ordezkariek, gaur eguerdian, Arkupe kultura etxean.

"Gizon atsegina zen, umore lasaikoa, eta bizi izan zituen historia guztien ondoren ere ez zuen batere gorrotorik gordetzen. Beti aurrera begiratzen zuen eta oso gizon positiboa zen", jakinarazi du Joseba Jauregi Pikabeak, haren bilobak. Kontu horiek eta gehiago izan dituzte berbetarako gai gaur eguerdian, Pedro Jauregi Leibarren liburuaren aurkezpen ekitaldian.

Jauregiren bizitzako pasarteak eta istorioak jaso ditu historia kontuetan eta artxibo lanetan aditua den Antxiak, baita datu genealogikoak eta gorabehera politikoak ere, politikak zeresan handia izan zuelako haren bizitzan, batez ere, II. Errepublikatik Espainiako gerra bukatu arte.

Urte pare bat alkatetzan, hamabi kartzelan

Bigarren Errepublikan, 1931n, izendatu zuten alkate. Hauteskundeak deitu zituzten orduan, eta PNV-EAJk bost zinegotzi lortu zituen eta Katoliko Monarkikoek beste bost; bederatzi aldeko botorekin lortu zuen alkate izatea. Hurrengo urtean, baina, hainbat udalbatza deuseztatu zituen gobernadoreak Gipuzkoan, alkateak kendu eta batzorde eragileak izendatu. 1935ean berreskuratu egin zituzten euren karguak Jauregik eta haren kideek.

Urte haien bueltan EAJren Udal Buru Batzarrak lokala ireki zuen Durana kalean; Emakume Abertzale Batzak Aretxabaletako ikastola antolatua zeukan; Goroeta auzorako bide berria egitea erabaki zen, langabeak kontratatuta; sekularizazioa sustatu zen Cementerio Civil izeneko kartela jarrita; eta ikurrinaren aldeko mozioa aurkeztu zuten.

Gerra Zibilarekin batera, 1936an, kargutik kendu egin zuten, eta hurrengo urtean atxilotu Santoñan. 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta hamabi urte egin ondoren askatu zuten. Aske geratu arren ezin izan zuen Aretxabaletara itzuli eta Errenteriara joan zen bizi izatera. "Debekua zuen Aretxabaletara itzultzeko eta beste norabait joan behar izan zuen", argitu du Joseba Jauregik.

Orain dela 40 urte, 1978an, itzuli zen lehenengoz Aretxabaletara. "Kurtzebarriko gurutzearen 50. urteurrena izanik hura jarri zutenen artean bizirik zegoenetako bat zen. Oso egun zirraragarria izan zen harendako. Herritar asko etorri zitzaizkion agurtzera eta besarkatzera, eta handik laster, 1985an hil egin zen", dio bilobak eta gaineratu du: "Beste 40 urte pasatu dira ordutik, eta orain, aitonaren alkate irudia gordetzeko elkartu gara berriro, pozik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak