Pedro Jauregi Leibar gogora ekartzeko liburua aurkeztuko dute bihar

Mirari Altube Arrese 2018ko api. 13a, 08:07
Pedro Jauregi Leibar aretxabaletarra zein izan zen ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Aitor Antxia Leturiak haren gaineko kontuak jaso ditu liburuan eta bihar, apirilak 14, aurkeztuko du hori Arkupen (12:00). Pedro Jauregi Leibar, Aretxabaletako lehen alkate abertzalea liburuaren aurkezpenean, Antxiarekin batera izango dira, besteak beste, Jauregiren senideak, udal ordezkariak eta Gogora institutuko ordezkariak.
"Kanpoko eskaera bati esker hasi nuen ikerketa, baina aurretik ere banekien alkate jatorra eta ezaguna izan zela", halaxe abiatu zuen lana Antxiak. Jauregiren bizitzako pasarteak eta istorioak jaso ditu, baita datu genealogikoak eta gorabehera politikoak ere, politikak zeresan handia izan zuelako haren bizitzan, batez ere, II. Errepublikatik Espainia ko gerra bukatu arte.

Bederatzi boto jasota alkate

Bigarren Errepublikan, 1931n, izendatu zuten alkate. Hauteskundeak deitu zituzten orduan, eta PNV-EAJk bost zinegotzi lortu zituen eta Katoliko Monarkikoek beste bost. "Alkatea izendatzeko bozketa egin zenean bederatzi boto jaso zituen Jauregik; hau da, bere alderdikoez gain, beste lau ere bai. Horrek zerbait esan gura du", dio Antxiak.
 
Hurrengo urtean, baina, hainbat udalbatza deuseztatu zituen gobernadoreak Gipuzkoan, alkateak kendu eta batzorde eragileak izendatu. 1934an, udalbatza berria izendatu zuen gobernadore horrek, baita alkatea ere: Jose Mari Amuriza. Baina 1935ean berreskuratu egin zituzten euren karguak Jauregik
eta haren kideek. Urte haien bueltan EAJren Udal Buru Batzarrak lokala ireki zuen Durana kalean; Emakume Abertzale Batzak Aretxabaletako ikastola antolatua zeukan; Goroeta auzorako bide berria egitea erabaki zen, langabeak kontratatuta; sekularizazioa sustatu zen Cementerio Civil izeneko kartela jarrita; eta ikurrinaren aldeko mozioa aurkeztu zuten.

Hamabi urte kartzelan

Kargutik kendu egin zuten 1936an, Gerra Zibila hastean, eta hurrengo urtean atxilotu Santoñan. 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta hamabi urte egin ondoren askatu zuten. Errenteriara joan zen bizi izatera orduan, hil arte. 1978an, Kurtzebarri mendiko gurutzearen 50. urteurreneko ospakizunean, omenalditxoa jaso zuen Aretxabaletan; izan ere, gurutzea jarri zuenetako bat izan zen hura.
 
Liburua salgai egongo da bihartik, Arkupen, 3 euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak