Donostia Antzerki Saria jaso du Kepa Errastiren Xake Produkzioak konpainiak

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko mar. 28a, 11:26
'Mami Lebrun' obrako taldea, Eneko Goia eta Miren Azkaraterekin. (Argazkia: Donostia euskaraz)

Ane Pikaza, Ainara Ortega eta Kepa Errasti aktoreak protagonista dituen Mami Lebrun antzezlanak 18. Donostia Antzerki Saria jaso du. Xake Produkzioak konpainiaren lehen obra da, eta heriotza da istorioaren ardatza. Atzo Victoria Eugenian egindako ekitaldian jaso zuten saria.

Martxoaren 27an, hain justu Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, eman zioten Donostia Saria Mami Lebrun antzerkiari. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak euskarazko antzezlan bati egiten dioten aitortza da Donostia Saria; aurreko urtean hirian euskaraz antzeztutako "obra onenari". Epaimahaiaren esanetan, "ikuslea hunkitzea" lortu du 2016an estreinatu zuten antzezlanak. Horretaz gain, heriotza "naturaltasunez" landu izana azpimarratu zuten. 

Sari banaketa ekitaldian Eneko Goia Donostiako alkatea eta Miren Azkarate euskara zinegotzia egon ziren. Saria Donostiako Victoria Eugenia antzokian atzo egindako ekitaldian eman zioten lantaldeari, Chari Goienetxearen Ilargia artelana eta 12.000 euro. Hortik 2.000 euro aurrerago jasoko dituzte, 2020. urtea bukatu aurretik euskarazko beste antzerki bat Donostian eskaintzeko baldintzarekin. Sari banaketaren ostean antzezlana eskaini zuten antzokian bertan.

Mami Lebrun Xake produkzioak konpainiaren antzezlana da, 2015ean sortu zuten konpainia Kepa Errasti aretxabaletarrak eta Xabi Ormazabal tolosarrak. Getari Etxegaraik zuzendu du obra, eta Kepa Errastik gidoia idazteaz gain, aktore lanak ere egin ditu. Errastiren alboan, Ane Pikazak eta Ainara Ortegak eman diete bizitza antzezlaneko protagonistei. 

'Mami Lebrun'

Egoitz eta Miren amona Kontxa hil berriaren omenaldia prestatzen ari dira. Amonaren etxeko ganbaran aurkitutako eguneroko batzuetan oinarrituko dira, Kontxak gaztetan Pariseko Cabaret batean bizitakoak kontatzeko. Horixe izango da omenaldiaren ardatza. Hala ere, Mireni kontatu ez dion sekretu bat dauka Egoitzek...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak