Hainbat landaketa egin dituzte berdeguneetan

Mirari Altube Arrese 2018ko mar. 16a, 16:27

Txarapeara bideko aldapan mota ezberdinetako zuhaitzak landatu dituzte, baita futbol zelai inguruan ere; azken gune horretan, haizeteak botatakoak ordezkatu gura izan ditu Udalak. Eta oraingoan, zuhaitz mardulen aldeko apustua egin dute.

Udaberria iristear dela, eta horretarako sasoi egokia dela jakinik, zuhaitzak landatu dituzte herriko hainbat gunetan, Txarapeako maldan eta futbol zelai inguruan, besteak beste.

Txarapean hiru zonaldetan egin dira landaketak. Batetik etxeen alboko berdegunean; bestetik, Andramari auzunetik Txarapeara egindako eskaileren bi aldeetan; eta azkenik, maldaren beheko partean, errepide alboan. Eta hainbat zuhaitz mota landatu dituzte Makai lorezaintza enpresako adituek. Hona hemen: sei astigar zorrotz; hamar pago-lizar; lau likidanbar; lau magnolia; lau urki himalaiar; hamalau basa-gereziondo; hamasei japoniar gereziondo; lau urki; eta beste lau arte.

Mota horiek landatu ditugu aproposenak iruditu zaizkigulako. Ez genuen zuhaitz landare txikirik gura aurreko urtetan bezala; gutxieneko neurri bat izatea lehenetsi dugu", adierazi du Unai Elkoro alkateak. Landaketa horietara 10.288 euro bideratu dituzte.

Fubol zelai inguruan 

Futbol zelai inguruko landaketak, ostera, gurasoen eta neskamutikoen laguntzarekin egin zituzten orain dela hamar bat egun. "Iazko otsaileko haizeteak botatako zuhaitzak ordezkatu gura izan dira han", adierazi du Elkorok, eta gaineratu: "Pozik gaude, gainera, herritar asko gerturatu zelako lan horiek egitera".

Aurtengo landaketa guztiak egintzat eman ditu: "Oraingoz bukatu dira. Txarapea barreneko zelaian landatutako arteek arazorik ez badute ematen datorren urtean beste landaketa bat egingo dugu".

Zebrabideetako lanak bukatzear

Txukuntze lanekin jarraituta eta herriko kaleen irisgarritasuna jomuga izanik, oztopo arkitektonikoak ezabatzeko lanekin jarraitzen du Udalak. Hala, zebrabideak errepide-mailarekin berdintzen dihardute azken asteotan. Lan horiek, baina, kezka sortu dute zenbait herritarren artean, eta alkateak horien zalantzak argitu gura izan ditu: "Arduratuta etorri zaizkigu hainbat herritar lehen baino koxka handiagoak daudela orain esanaz; hortaz, argitu gura dugu lanak oraindik ez dituztela amaitu, eta behin bukatuta daudenean, ez dela halako koxkarik geratuko", eta gaineratu eguraldia lagun izanez gero, Aste Santuak ingururako bukatuko dituztela lehen faseko lanak. Eta behin horiek eginda, bigarren fasekoei heltzeko gertu izango direlakoan dago alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak