Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko fakultateak hamaikagarrenez egingo duen Huhezinema jaialdiak euskal film laburren sortzaileen eta zaleen topaleku bihurtuko du Aretxabaletako Arkupe kultura etxea datorren astean.
Ikusteko jaioak gara da aurten aukeratu duten leloa. "Hamaikagarren aldia da, eta euskaraz zenbaki horrek daukan esanahiarekin lotu daiteke. Horrek ez du esan nahi jaialdi guztia lelo horren menpe dagoenik baina nolabait jaialdiaren izaera batzen du, eta helburu bera du Irungo Marina Garciak egin duen kartelak ere. Lehiaketa bat deitu genuen kartela aukeratzeko, eta emankorra izan da jasotakoa, izan ere, 55 proposamen jaso ditugu. Garciak aurrera begira dauden pertsonen multzoa irudikatu du bakoitzaren begirada agerian utziz; aproposa iruditu zitzaigun leloarekin bat egiteko", azaldu du Iban del Campo irakasleak eta antolatzaileak.
Hamahiru ikasletako lan-taldea
Del Campok laugarren mailan irakasten duen Kultur ekitaldien antolaketa izeneko ikasgaiaren barruan prestatzen dute jaialdia. "Erronka itzela da urtero antolatzaile taldea aldatzea, baina hori da jaialdiaren berezitasuna eta, era berean, zailtasuna: ikasleek antolatzen dutela guztia irakasleen laguntzarekin. Oso pozik nago taldearekin eta osatu dugun egitaraurekin".
Zinemaz gozatzeko aukera asko
Hiru sailetan banatuta dauden –Ofiziala, Kutixia, hau da, orain arte Basque Culinary izena izan duena, eta MUko ikasleena–, eta askotariko istorioak, generoak eta aurrekontuak dituzten film laburren proiekzioak dira jaialdiaren ardatz. "Kutixi sailean gastronomiari buruzko hiru minututako filmak eskainiko ditugu; sail ganberroena da hori. MUkoa gure ikasleendako erakusleihoa da eta Sail Ofizialean eskarmentu handiagoko sortzaileek egindako hamar film eskainiko ditugu egubakoitzean, eta zuzendari guztiak han izango dira. Horiez gainera, Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean nazioarteko zine eskoletako lanak ere ikusgai izango dira. Aurten gainera, sari gehiago izango dira, horien artean, Mundukide Fundazioaren laguntzarekin, giza eskubideen gaia ondoen lantzen duenarentzat".
Publiko guztiarentzako jaialdia dela diote. "Ekitaldi batzuk ikasleentzako pentsatuta daude baina guztientzako daude Arkupe Kultura etxean dira eta ateak zabalik; eta hori adierazteko, filmetan erabiltzen dituzten efektu berezien inguruko erakustaldia izango da aurten Herriko plazan. Handia eta Errementari filmetan egin dituzten tranpatxoak azalduko eta erakutsiko dizkigute Drama FX-eko profesionalek".
Publiko guztiarentzako jaialdia da. "Ekitaldi batzuk ikasleentzako pentsatuta daude baina guztientzako daude Arkupeko ateak zabalik; era berean, filmetan erabiltzen dituzten efektu berezien inguruko erakustaldia izango da Herriko Plazan. Drama FX-eko profesionalek, Handia eta Errementari filmetan egin duten lana azalduko dute aretoan eta hainbat adibide erakutsiko dituzte gero, plazan".
Egitaraua
Martxoak 21, eguaztena
10:00 -10:30 Kutixi saileko proiekzioa
10:45 -13:00 MU Ikasleen saileko filmen proiekzioa.
16:00- 20:00 Zine efektu bereziei buruzko Master-class-a, Drama FX enpresaren eskutik.
Martxoak 22, eguena
10:30-13:00 Orona Saria eta EIECINE nazioarteko film laburren proiekzioak.
16:00-19:00 Euskal websailen topaketa.
Martxoak 23, egubakoitza
16:00-17:30 Sail Ofizialeko film laburren proiekzioaren lehen zatia.
18:00-19:45 Sail Ofizialeko filmen proiekzioaren jarraipena.
20:15-21:00 Sari-banaketa ekitaldia.
21:00: Luntxa
22:30-24:30 Hartz taldearekin kontzertua
Oharra: Ekitaldi guztiak Aretxabaletako Arkupen izango dira; doan eta publiko guztiarentzako zabalik.