Euskaraldiak aretxabaletarren laguntza behar du

Mirari Altube Arrese 2018ko mar. 16a, 08:08

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenaren antolatze lanetan dagoeneko hasi dira Aretxabaletan ere, horretan dihardu batzorde batek, eta orain, informatzaile izan gura duten aretxabaletarrak behar dituzte. Martxoaren 19an, egingo dute argibideak emateko bilera udaletxe zaharrean (19:00) eta pozik hartuko dituzte lan horretarako gertu daudenak.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo da, Euskal Herriko gainerako herrietan lez, eta ordurako lan asko dagoela egiteko argitu dute horretarako sortu den batzordeko kideek. Larraitz Berezibar gazte aretxabaletarra dabil ekimena dinamizatzen, eta horrekin batera daude batzordean honako hauek: Oihana Garcia, Maje Umerez, Oinatz Agirre, Miren Arizmendiarrieta, Unai Bengoa, Amaia Idigoras, Miren Arietaleanizbeaskoa, Ane Lore Estala eta Martin Berrizbeitia. 

Orain, ostera, informatzaile sare bat osatu gura dute, eta horretarako, laguntza eskatu diete herritarrei: "Euskaraldiaren inguruko ekintzen berri herrian zabalduko duten lagunak behar ditugu; informatzaile sare bat osatzea da asmoa", dio Berezibarrek. Horretarako bilera deitu dute martxoaren 19rako, astelehena; udaletxe zaharrean izango da, 19:00etan. "Batzordeko kideok bagabiltza geure aldetik jendea elkartu nahian, baina gutxitxo direlakoan gaude, eta horregatik, herritarren laguntza behar dugu", gaineratu du. Era berean, batzordea aurkeztuko dute, eta ekimenaren nondik norakoen berri emango diete elkartutakoei.

Informatzaile horien lana izango da antolatuko diren ekimenen berri ematea gainerako herritarrei: "Lanik handiena izango dute maiatzean eta irailean. Maiatzean, bi kontugatik; batetik, komertziotara gerturatu beharko dugulako ekimenaren berri ematera, eta bestetik, euskararen egunean egingo den entsegurako laguntza beharko delako. Eta irailean, ahobiziak eta belarriprestak topatu beharko dituztelako". 

Herriko elkarte bakoitzetik ordezkari bat etorriko da informatzaile sare horretara, eta horiez gain, beste 30en bat lagun batu gura dituzte. "Zenbat eta lagun gehiago izan lana samurrago egingo dugu, hortaz, animatu eta gerturatu bilerara", gaineratu du. 

Euskaraz egitera pasatu

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenaren helburuak hainbat dira, besteak beste, euskararen alde egotetik egitera pasatzea; hizkuntza ohituretan eragitea; eta euskal hiztunen sarea zabaltzea. Izaera nazionala izango du, herrigintzak eta erakundeek bultzatuta, eta Aretxabaletan, herritarrek dihardute lan horretan azaroaz geroztik Udalaren eta Loramendi elkartearen laguntzarekin. 

Ekimenarekin bat egiten dutenek hauetako rol bat hartuko dute; bata, ahobizi, euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko konpromisoa hartzen duena eta ezezagunei lehen berba euskaraz egingo diena; eta bestea, belarriprest, euskara ulertzeko gaitasuna izanik, euskara entzuteko gogoa duena. Horretarako izen-emate epea udazkenean zabalduko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak