Lurdes Llodio eta Larraitz Arando: "Akuilu lana egitea dagokigu feministoi"

Mirari Altube Arrese 2018ko mar. 9a, 18:00
Lurdes Llodio eta Larraitz Arando.

Aretxabaletako Talde Feministako kideak pozik daude Martxoaren 8ak eman duenarekin; baita aurrera begira lanean jarraitzeko gertu ere. Era berean, taldearen ateak zabalik dituztela adierazi diete herritarrei.

Emakumeok planto! leloa aldarri hartuta herrian ere ekitaldi asko egin dira egunotan. Aurten, gainera, Udalak eta Aretxabaletako Talde Feministak elkarlanean jardun dute, UDAren laguntzarekin. Eta "pozik" daude egunaren bueltan sortutako giroarekin.

Martxoaren 8a pasatu da; zer dator orain?

L. Llodio: Lanean jarraituko dugu ekainaren 28ari begira. Izan ere, LGTBI+ kolektiboaren sexu askatasunaren eskualdeko aldarrikapen eguna Aretxabaletan egingo da aurten.

L. Arando: Atzera begira ere jarri gurako nuke nik. Orain arteko Martxoaren 8ak sinbolikoak izan dira: agerraldietara joan izan gara, pegatina jarri paparrean, eta listo, etxera. Oraingo honetan eztabaida sakonagoak egon direla esango nuke, eta beste batzuetan iritsi ez garen esparruetara iritsi garela: zaintza arlora, etxe barrura… Era berean, kontziente gara oraindik ez garela iritsi lan baldintza okerrenetan dauden horiengana; emakume etorkinengana, esaterako. Halako greba bat egin den lehenengo urtea izanik, kosta egin da ulertzea arrakasta ez dela neurtzen itxi den lantoki kopuruarekin, ezkutuan dauden lan horiek ikustera emanda baizik: etxeko lanak, zaintzak… Eta eztabaida etxe barruan, kuadrilletan, lantokietan sortu izana arrakasta itzela da.

Kontu honen antolaketak herriko talde feminista indartu egin du?

L.L.: Zortzi-hamarren bat lagun elkartu gara azken asteotan, eta indartsu jardun dugu lanean. L.A.: Ekitaldi puntualetarako sare handia dago gurean eta asko elkartu izan gara. Baina egia da egunerokoari begira aktibatu egin gaituela Martxoaren 8ak. Gainera, debagoiendarron artean harremana estutu egin da, eta hori benetan polita izan da.

L.L.: Eskualdekoen artean egindako lehen bileran 44 bat emakume elkartu ginen; asko da!

Berdintasunari dagokionez, zelan dago Aretxabaleta?

L.L.: Bikoteen artean egongo dira laguntzen duten gizonezkoak, seguru, baina ez dakit konturatzen diren laguntza hori ez dela erdia egitea. Hor dago gakoa.

L.A.: Ez dago batere ondo kontua. Adibide batzuk: plazan mutikoak futbolean ibiltzen dira eta gainerakook, pasatzeko beldurrez; ikastetxeetako patioetako panoramak; lagunarteko zein familiarteko bazkarietan umeen arduradunak; edadetuen kargu egiten direnak –nahiz eta gero eta gehiago ikusi–; kirol arloan, lan munduan… Norberak daki etxe barruan zer duen, baina guztiok dugu zer egina eta zer irabazia.

Eta zeinek eragin behar du?

L.L.: Nik uste dut nork bere etxean duela zeregina.

L.A.: Eta, mugimendu feministatik, akuilu lana egitea dagokigu, zirikatzea. Hausnarketagune batzuk eta tresna batzuk eskaintzea ere badagokigu, gero etxean lantzeko, adibidez. Ernaik, esate baterako, maitasun erromantikoaren gaineko tailerra antolatu du gaurko, erakusteko beste eredu batzuk posible direla.

L.L.: Eta indarkeria ere hor dago, derrigorrean heldu beharreko kontua.

Gazteak zelan datoz atzetik?

L.A.: Beste kontzientzia batekin datoz, eta eurekin lan egitea benetan atsegina eta pozgarria da. Esango nuke mugimendu feminista orain dela hamar urte baino askoz indartsuagoa dela gurean.

Zuen taldeko ateak zabalik dituzue?

L.L.: Bai, horixe. Ilargi plazan dugu egoitza, eta astean behin elkartu izan gara; baina gutako edozeinengana jo dezakete interesatuek, eta proposamenak egin

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak