'Euskadi Lagunkoia Sustraietatik' taldeko kideak pozik agertu dira Udal ordezkarien erantzunarekin

Mirari Altube Arrese 2018ko ots. 28a, 15:13

Aretxabaletaren gaineko diagnostikoa egiten dihardute Basotxo erretiratuen elkartetik sortutako Euskadi Lagunkoia Sustraietatik egitasmoko kideek eta aire libreko guneen eta eraikinen gaineko hainbat proposamen aurkeztu dizkiete Udal ordezkariei. Oraintsu jaso dute horien erantzuna eta pozik agertu dira.

Basotxok 2012an hasi zuen Aretxabaletaren gaineko ikerketa. Osasunaren Mundu Erakundeak abian jarritako Nagusien Lagun diren Hirien metodologia hartu zuen oinarri. "Orduan geure artean hitz egiten ikasteko saioa izan zen, eta herriaren gainean egindako diagnostikoa 2013an eman genion Udalari", adierazi dute.
 
Orduan egindako diagnostiko hori berreskuratu dute orain, eta horren gainean hasi dira lanean; izan ere, Udalak iazko uztailean Euskadi Lagunkoia sarera batzea erabaki zuen. Aire libreko guneak eta eraikinak atala aztertu zuten urtea bukatu bitartean, eta hori Udal ordezkariei aurkeztu zieten gero.
 
Orain Udal ordezkarien erantzuna jaso dute Euskadi Lagunkoia Sustraietatik egitasmoan buru-belarri lanean dabiltzanek. Hain zuzen Unai Elkoro alkatearen eta Karmele Uribarri Ongizate Saileko zinegotziarekin bildu ziren. "Batzarraren helburua izan zen, batetik, lantaldeak aurkeztutako proposamenen gainean hitz egitea, eta bestetik, proposamen horiei erantzuteko zein lan egingo dituzten azalpenak eskatzea". 

Gustura Udal ordezkarien erantzunarekin

 Euskadi Lagunkoia Sustraietatik lantaldeko kideen esanetan alkateak positibotzat jo zuen diagnostikoa, eta herria beste begi batzuekin begiratzen dutenen lana balioan jarri. "Aipatu zigun bestela ezkutuan geratuko liratekeen kontuak agerian geratzen direla horrela, eta gainera, proposamenak taldean hartu izanaren bermea dutela".

Proposamen bakoitzari erantzun bat ere eman zion Elkorok. "Taldeak hurrengo bileran aztertuko ditu erantzun horiek guztiak. Baina adierazi gura dugu gustura gaudela Udalak egindako lanarekin, eta itxuraz behintzat, mahai gainean jarritako gai askori erantzun die. Badakigu jakin ere, hainbat gaik ez dutela lehentasunik eta atzeratu egingo direla edo agian heldu ere ez dietela egingo".

Euskadi Lagunkoia Sustraietatik lantaldeak uste du diagnostikoan zehaztutako gai asko konponduta geratuko direla 2018an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak