Kepa Errastik sortutako 'Mami Lebrun' antzezlanak jasoko du XVIII. Donostia Antzerki Saria

Mirari Altube Arrese 2018ko ots. 27a, 14:59

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolatutako XVIII. Donostia Antzerki Saria Xake Produkzioak konpainiak sortutako Mami Lebrun lanarendako izan da. Kepa Errasti aretxabaletarra da hain zuzen, 2016an sortutako konpainia horretako kide eta lanaren sortzaileetako bat.

Lehendabiziko lanarekin eskuratu du Donostia Antzerki Saria Xake Produkzioak. 12.000 euro eta Chari Goienetxe zarauztar artistaren Ilargia artelana jasoko ditu saritzat. Sari banaketa ekitaldia martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo da, 19:30ean, Victoria Eugenia antzokian. Ekitaldiaren hasieran emango diete saria, eta ondoren antzezlana eskainiko dute.

Hamabost lanen artetik aukeratua

Helduendako 19 antzerki lan eta 33 emanaldi eskaini dira Donostian, 2017an, eta guztira 8.192 ikusle izan direla emanaldi horietan jakinarazi dute Donostia Kulturatik. Hemeretzi horietatik hamabost antzezlan izan dira Donostia Antzerki Sarian parte hartzeko baldintzak bete dituztenak, hau da, konpainia profesional batek antzezlana lehendabiziko aldiz Donostian eskaintzea. Eta hamabost horien artetik aukeratu dute Xake Produkzioak.

Epaimahaia osatu duten kideak izan dira honako hauek: Oihana Maritorena (AISGE); Klara Badiola (EAB-Euskal Aktoreen Batasuna); Frank Suarez (EKE-Euskal Kultur Erakundea); Silvia Manzana (EHAZE-Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea); Jaime Valverde (Antzerki kritikoa); Karlos Del Olmo (Itzultzailea-idazlea); Maddalen Mendizabala (Publikoaren ordezkaria); eta Jon Sarriegi (Publikoaren ordezkaria).

Epaimahaiaren esanetan, sorkuntza handiko lana izateaz gain, energia handikoa da eta ikuslea hunkitzea lortzen duena. Horrez gain, elementu asko uztartzen asmatu dutela diote: dantza, musika, umorea, hunkigarritasuna, hurbiltasuna…

Konpainia sortu berria dela ere gogoratu du epaimahaiak eta nabarmendu du Mami Lebrun-ek, bere soiltasunean, zailtasunak eta arriskuak hartzen dituela: "Heriotza da antzezlanaren gai nagusia eta naturaltasun osoz jorratzen da, oso era egokian". 

Euskararen erabilerari dagokionez, "lan biribila" dela aipatu du, besteak beste, euskalkien bidez bereizten baitira pertsonaiak. Aktoreen lana ere goraipatu du zirrara sortzeko gaitasun handia erakutsi baitute, eta aktore lanetan ez ezik, dantzan eta kantuan ere trebetasunez aritzen baitira.

Musika alorrean Pascal Gaignek hainbat pieza sortu ditu eta beste hainbat moldatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak