Azken 35 urteetan egindako lanaren errepasoa egin du Kepa Akixo Zigor artistak. Miarritzen bizi den aretxabaletarrak Itzalean ikusi izeneko erakusketa jarri berri du Le Bellevue gunean, Miarritzen, eta apirilaren 2ra arte egongo da ikusgai.
"Bolumenean erakusketa handia izan arren, era xumean egin dut. Eskulturaz, marrazkiz, argazkiz eta testuz osatutakoa. Guztira, 300 pieza izango dira bertan, gutxi gorabehera; 100 eskultura inguru egurrezkoak, harrizkoak, brontzezkoak eta altzairuzkoak, beste hainbeste marrazki-pintura, eta besteak olerkiak…", adierazi du Kepa Akixok.
Erakusketako pieza guztiez gain, Caroline de Otero eta Catherine Guillaud zinemagileek egindako Zigor, euskal zizelkaria dokumentalaren zati bat ikusteko aukera ere izango da bertan, eta, gainera, lan guztien katalogoa atera dute, erakusketan dauden lan guztiak batzen dituena, 204 orritan.
Eskulturaren prozesua
Itzalean ikusi erakusketa didaktikoa da, eta lan horren helburua izan da eskultura bat hasieratik amaituta dagoen arte, prozesu osoa azaltzea. Jendeari sormenaren mundua nolakoa den ulertzen laguntzeko asmoz.
Inaugurazio arrakastatsua
Miarritzen bizi arren, jaioterriarekiko lotura handia du Akixok, eta ireki berri duen erakusketan hainbat aretxabaletar izan dira. "Inaugurazioan, 500 pertsona inguru batu ziren, eta hainbat aretxabaletar etorri ziren. Hala ere, bertara etorri, eta ikusi nahi dutenek oraindik badute denbora. Izan ere, erakusketa apirilaren 2ra arte egongo da zabalik, eta, agian, epea luzatu egingo dute".
'Karapaixoa', lan esanguratsua
"Erakusketa osotik nire lan gustukoena zein den ez nuke jakingo esaten. Niri, pieza txikitxoak gustatzen zaizkit. Hala ere, Karapaixoa izeneko piezak interesa piztu du. Originala Washingtonen dago, 3-4 tonakoa da, brontzezkoa. Hango medioetan agertu izan da, eta ez dakite zer den; ahalegintzen naiz zen den azaltzen. Erakusketan, berriz, egurrezkoa dago ikusgai, 150 kilo inguru izango dituena".
Erakusketa zabalik dago
Erakusketa apirilaren 2ra arte egongo da ikusgai, martitzenetan izan ezik, Miarritzeko Le Bellevue gunean. Egunero, 13:00etatik 19:00etara bitartean. Gainera, euskarazko bisita gidatua eskainiko du lanen egileak, martxoaren 4an, 15:00etan.