"Nondik gatozen jakitea garrantzitsua da gaur egungo gizartean kokatzeko", zioen Jose Maria del Palaciok atzo, Arkupen. Eta hori ikertzeko zortzi urtean egindako lanaren emaitza aurkeztu zuen.
"Memoria historikoa berreskuratzeko gogoa gurasoengandik jaso nuen. Durana kaleko 24. atarteko ganbaran Radio Pirenaica entzuten genuen bitartean", adierazi zuen. Haren gurasoak Zamoratik etorri ziren Aretxabaletara, 1946ean "erbesteratuak" izan zirenean. Eta 14 urte inguru zituenean amak kontatu zizkion familiak bizitako pasarterik garrantzitsuenak: "Aitak frankisten ejerzitoan sartu behar izan zuen derrigortuta, haren bizitza arriskuan zegoelako. Baina Madrilera iritsi zirenean errepublikanoen aldera pasatu zen. Gero kartzela zigorra etorri zen, bai harendako, baita amarendako ere. Baina egindakoaren damurik ez zuen, oso harro zegoen horrekin. Aitak, ostera, transizio garaia iritsi arte ez zuen sekula horren gainean berbarik egin".
Hala, Errepublika sasoitik demokraziara arteko kontakizuna jaso du bigarren liburu honetan aretxabaletarrak; aurretik, 2009an, Matando sueños, sembrando miedos idatzi zuen Candido Ruiz Gonzalezekin batera.
"Gurasoen kontuak ikertzen hasi nintzen horien historia jasota uzteko asmoarekin, baina ikerketak aurrera egin ahala jende askoren berri jaso nuen, eta hori guztia nire kontaketa aberasten joan zen, hortaz, guztien oroitzapenezko liburua bihurtu da", adierazi zuen eta gaineratu: "Gurasoak omendu gura izan ditut liburu honekin, eta haiek lez gerra eta kartzela sufritu, eta ondoren ahaztuak izan diren guztiak".