Herri atseginagoa izateko lanean murgilduta

Mirari Altube Arrese 2018ko ots. 9a, 17:20

Aretxabaletaren gaineko diagnostikoa egiten dabiltza hainbat erretiratu Euskadi Lagunkoia egitasmoaren baitan. Aire libreko guneen eta eraikinen gaineko azterketa eginda, zerrenda luzea aurkeztu diete udal ordezkariei, zuzendu beharra dutelakoan.

Euskadi Lagunkoia sarera batzea erabaki zuen Aretxabaletako udalbatzak uztailean, eta horretarako sortutako taldetxoak lanean dihardu ordutik hona. Basotxo erretiratuen elkarteko kideek osatu dute hori, hogei bat lagunek, eta hamabostean behin elkartzen dira ongizatearen eraikuntzan lan egiteko helburuarekin. Herriaren gaineko diagnostikoa egitea da helburua, eta, horretarako, hainbat arlotan banatutako azterketa egiten dabiltza: "Lehenengo arloa da aire libreko espazioak eta eraikin publikoak.

Herriari begiratu sakona eman diogu eta zerrenda luze batean jaso gure iritziz zuzendu beharrekoak", adierazi du Pedro Etxebarriak, taldeko kideetako batek. Parkeak, lorategiak, bidegorria, paseatzeko guneak, espaloiak eta eraikin publikoak aztertu dituzte, besteak beste.

Hona hemen Udalari aurkeztutako eskaeretako batzuk:

• Eserleku beharra: Urkulun, bidegorrian, Txarapean…

• Zarata eta kutsadura: ibaia zikin, arratoiak, usoak, zaratak tabernetan, gazteen lokaletan…

• Parkeak eta gune berdeak: komentuko horma kendu, Txarapean ekipamendu egokiak, kiroldegi aurreko zelaian adinekoendako makinak, Felix Iñurrategi parkea beti zabalik…

• Espaloiak: Murubiden oztopoak, apurtutako baldosak, irristatze arriskua…

• Komunak: hainbat lekutan beharra: bidegorria…

• Segurtasuna: abiadura murriztea Txarapean, argiteria publikoa… 

 

Imanol Aranzabal kidea, berriz, pozik agertu da taldeko lanarekin: "Gogotsu elkartzen gara eta hartutako konpromisoari eusten diogu".

Udalaren erantzuna hil honetan bertan

Gai horren bueltan osatutako zerrenda luzea udal ordezkariei bideratu diete, eta horiek begi onez hartu dute, "adinekoek parte hartzeko tresna aproposa" delakoan. Laster erantzungo dietela adierazi du Unai Elkoro alkateak: "Abenduaren 19an aurkeztu ziguten diagnostikoa eta aztertzen jardun dugu ordutik hona. Erantzunaren dokumentua bukatzen gabiltza eta otsailean elkartuko gara haiekin", eta gaineratu du: "Gai askotan beste ikuspuntu bat aurkitu dugu, guk kontuan hartuko ez genukeena; uste dugu oso emaitza onak aterako direla".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak