Garazi Estebez Guede: "Egun ona badut, podiumean egongo naiz"

Mirari Altube Arrese 2018ko ots. 9a, 20:11
Estebez, podiumaren erdian, Gipuzkoako Txapelketa irabazita, urtarrilean.

Pistako Espainiako Kopako azken saioa jokatuko du asteburuan Mallorcan, eta bigarren dagoen ziklista aretxabaletarrak irabazteko aukera handiak ditu

Garazi Estebez Guede (Aretxabaleta, 2002) Gipuzkoa Ogi Berri taldeko txirrindulari kadetea denboraldi ezin hobea egiten dabil. Bioracer torneoko eta Gipuzkoako txapelduna da pistan, eta orain, Espainiako Koparen bila doa Mallorcara. 

Hiru jardunaldi ditu Espainiako Kopak eta azkena jokatzera zoaz.

Bai. Lehenengoa irabazi egin nuen eta bigarrenean, hirugarren postuan geratu nintzen. Eta azkena, ikusi egin behar… Orain, sailkapeneko bigarren postuan nago, lehenengoarengandik hiru puntura.

Guztia ematera joango zara, ezta?

Horixe. Bigarren jardunaldian asma-krisia izan nuen, lehenengo nindoala, eta horregatik bukatu nuen hirugarren postuan. Ea egun ona izaten dudan, halako arazo barik. Egia da gaixo egon naizela azken egunotan, baina hobera egin dut eta neure onenean egon gurako nuke.

Podiumean ikusten duzu zeure burua?

Aukerak aurrean gauden guztiok ditugu. Egun ona badut, irabazi ere egin dezaket, eta, bestela, podiumean egongo naiz.

Pistan ezin hobeto moldatzen zarela erakutsi duzu...

Bigarren urtea da, eta aurten bai. Iaz, hasi nintzenean, beldurrez ibiltzen nintzen; aurten, ostera, oso gustura nabil, eta hori igarri egiten da.

Zein berezitasun du pistak?

Pedalei etengabe eragin behar zaie, ez dago frenorik. Proba asko egoten dira, eta modalitate ezberdinak: iraupena eta abiadura; Espainiako txapelketan iraupen modalitatean nabil.

Pistaz gain, ziklo-krosean ere ibili zara; zer moduz?

Lau lasterketa jokatu ditut aurtengo denboraldian eta ez nuen inondik inora espero hain ondo ibiltzerik, ia entrenatu barik jardun dudalako. Izan ere, ziklokroseko txapelketetara libre nengoenetan joan izan naiz, Burgos aldean pare batera eta Legazpin; azken horretan bigarren postuan bukatu nuen.

Ezberdinak izango dira, ba, pista eta ziklo-krosa…

Erabat, teknika ezberdinak dituzte. Bizikletarekin oso ondo moldatzea eskatzen du ziklokrosak, atzeko gurpila ez joateko, adibidez. Lurzoruak ere zeresan handia du, lokatza izaten delako sarritan, eta ezberdina da bustia egotea edo lehorra. Pistan, ostera, konfiantza kontua da askotan, sartu edo ez erabakitzeko.

Eta fisikoak zeresan handiagoa du ziklo-krosean?

Ez pentsa, bietan. Baina egia da ziklo-krosean erresistentzia behar dela, topera joan beharra dagoela, eta pistan tiraka doanaren atzean jar zaitezkeela.

Laster, errepideko denboraldia hasiko duzu; gogotsu?

Bai, horixe! Otsailaren 28an Ibaetan hasiko dugu, mutilekin batera. Errepidea dut gustuko, hori da nire helburua; besteak errepideko denboraldia gertatzeko egiten ditut. 

Eta zein erronkarekin hasiko duzu?

Espainiako Txapelketarako sailkatzea da helburua, eta han zerbait egitea. Hiru urtetan iritsi naiz eta gero ez dut ezer egin han; hortaz, hori da erronka.

Mutilekin ere lehiatzen zara?

Iaz pare batean ibili nintzen eta aurten gehiago izango dira. Ikasteko sekulako eskola da, erritmo biziagoa dutelako, entrenamendurik onena.

Zeintzuk dira zure ezaugarriak?

Esprintean ondo moldatzen naiz, guztia ematen dut; irabazi ditudan lasterketa guztiak, lau edo bost, esprintean izan dira.

Asmak kaltetu izan zaitu?

Bai, askotan. Zazpi bat lasterketatan anbulantziara eraman behar izan naute bukatutakoan, mareatu ere egin izan naiz. Espainiako txapelketetan bero tokatu izan zait beti eta asmakrisiak izaten ditut. Hala ere, sekula ez dut uzterik pentsatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak