Mozorroak gertu daude kaleko bazterrak girotzeko

Mirari Altube Arrese 2018ko ots. 9a, 06:38

Leizarra musika eskolako dantzariek eta txistulariek gaur emango diete hasiera Aratusteei eta jai giroak domekan egingo du eztanda kaleetan kuadrillen eskutik; martitzenean, ostera, ikastetxeetako gaztetxoen dantzak izango dira nagusi.

Azken urteotan legez, Leizarra musika eskolako dantzariek eta Aretxabaletako txistulariek egingo diete ongietorria Aratusteei, Argal Jaia ospatuta. Gaur, egubakoitza, izango da, 18:00etan, Herriko Plazan –eguraldi txarrarekin, Iturrigorri pilotalekuan–. "Txorimalo jantziko dira aurten, eta azken hilabeteotan gertatutako hamaika dantza eskainiko dituzte", jakinarazi du Mariatxen Urkiak, musika eskolako zuzendariak.

Jai giroak, baina, domekan egingo du eztanda kaleetan, eta, beste behin, mozorrotutako kuadrillak eta herritarrak izango dira bazterrak girotzeko ardura izango dutenak. Txistu doinuekin eta kintoek egingo duten txino dantza saioarekin ekingo diete eguneko ekitaldiei. Herritarrak, baina, kuadrillen kalejiraren zain izango dira; izan ere, orain arte sekretupean gordetakoak erakutsiko dituzte orduan. Hona hemen egingo duten ibilbidea: Araba ibilbidea, Mitarte kalea, Durana, Errekabarren, Andramari auzoa, Mitarte, Durana eta Herriko Plaza.

Kalejiraren ibilbideko balkoiak eta leihoak apaintzeko dei egin du aurten ere Kultura Sailak, eta saria jasoko du dotoreenak; horretarako, gomendatu dute aurrez izena ematea Arkupen.

Asko izango dira Ibarra kiroldegian gertatuko duten herri bazkarira joko dutenak; 600 lagun pasatxo elkartuko dira han. Eta iluntze partean Mikel DJak girotuko du Herriko Plaza, lehenengoz. Astelehena, gainera, Udalak jaiegun izendatu du; hortaz, hainbat herritarrek luzatuko dute jai giroa ordu txikiak arte.

Aratuste-martitzena

Martitzenean jarraituko du Aratuste giroak, eta orduan, ikastetxeetako neska-mutikoek beteko dituzte kaleak, 2 eta 12 urte bitarteko 500 bat umek, hain zuzen ere. Txaranga doinuei jarraituta, dantzan egingo dute goiz partean: 2 urtekoek, dantza bat; 5 urtekoek, txino dantza; eta 6 eta 12 urte artekoek, 2014ko lehiaketan saritutako koreografia.

Kintoek agurtuko dituzte Aratusteak. Txin-en zerraldoa eramango dute (20:00) Herriko Plazara, eta han erre egingo dute.

Egitaraua osorik

Aratuste-domeka

• 10:00 Diana txistulariekin.

• 11:45 Txino dantza kintoen eskutik.

• 12:00 Kuadrillen desfilea herriko kaleetan.

• 13:00 Akelarre txarangarekin kalejira.

• 14:30 Herri bazkaria kiroldegian, Mikel DJak girotuta.

• 18:00 Akelarre txarangarekin kalejira kiroldegitik plazara.

• 18:45 Mozorro lehiaketaren sari banaketa ekitaldia.

• 19:00 Kintoen dantza saioa.

• 19:30 Mikel DJaren emanaldia Herriko Plazan.

Aratuste-martitzena

• 10:30 Umeak plazan elkartuko dira; 5 urtekoek txino dantza egingo dute eta 2 urteko haurrek dantza bat.

• 11:00 Irulitza txarangarekin kalejira eta dantza.

• 16:00 Irulitza txarangarekin kalejira.

• 17:30 Buruhandiak Irulitza txarangarekin batera.

• 20:00 Txin-en hileta; kintoek zerraldoa eramango dute Mitarte kaletik Herriko Plazaraino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak