"Herritarren benetako egoera ezagutu gura dugu 70 urtetik gorakoen diagnostikoa eginda, udal bulegoetara gerturatzen ez diren hainbat daudela uste dugu eta; hortaz, geu gerturatuko gara horiengana", jakinarazi du Karmele Uribarrik, Gizarte Zerbitzuen zinegotziak. Diagnostiko hori egiteko, etxerik etxe joango dira galdeketa egitera: "Deitu egingo diegu, lehenengo, baimena eskatzeko. Behin etxean, hainbat galdera egingo dizkie Gizarte Zerbitzuetako langileak: osasun arloari dagozkionak, gizarte beharrei… Eta zelan bizi diren behatuko dugu".
Sei hilabeteko lana izango da eta ekainerako bukatuta izango dutelakoan dago Uribarri: "Bakarrik bizi diren horien erretratu bat izango dugu orduan, emaitzak aztertuko ditugu eta horren arabera egin esku-hartzeak". Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen eta laguntzen berri ere emango diete adineko horiei.
Osasun erabilera komentuari
2016ko urtarrilean erosi zuen Udalak agustindarren komentua eta apenas izan du erabilerarik bi urtean. Herriak dituen beharrak aztertuta gizarte-osasun erabilera ematea pentsatuta dutela adierazi du Uribarri zinegotziak: "Hirugarren adinekoendako alojamenduak egiteko leku benetan aproposa da, eta hori aztertzen gabiltza. Era berean, eguneko zentrorik ez dugu Aretxabaletan, eta hori ere behar bat da. Eta gainera, osasun etxea ere zerbaiten beharrean da. Ikusiko dugu horrendako guztiorrendako ematen duen eraikinak".
Nagusiendako alojamenduaren kasuan, "proiektu oso berritzailea" izango litzatekeela dio: "Aurrekari gutxi dago. Gainera, kalkulu asko egin behar ditugu, kudeaketari dagozkionak, errekurtsoei dagozkienak… Hortaz, hausnartze prozesuan murgilduta gaude".