Jose Mari Segovia: "Jakin badakit lanaren hutsunea igarriko dudala"

Mirari Altube Arrese 2018ko ots. 3a, 08:50

Jose Mari Segovia, Aretxabaletako udaletxe aurrean.

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuen Teknikariburuak urtarrilaren 12an hartu zuen erretiroa, 30 urtean Aretxabaletako Udalean lanean jardun ostean; azken kontuak ixten dabil egunotan, guztia txukun uzteko.

Villa Genoveva izena zuen etxean jaio zen Jose Mari Segovia (Aretxabaleta, 1955). Aretxabaletako Udalean Hirigintza, Obra eta Zerbitzuen teknikari arduradun, 30 urte bete ostean erretiratu da, urtarrilaren 12an. Mila kontu eta pasadizo daramatza berarekin; jaio zen etxea bera eraisteko espedientea egin behar izana, esaterako.

Tristuraz esan diozu agur bulegoari ala atseden hartzeko gogoarekin?

Bietatik dago. Zorionez, oso gustuko izan dut lanbidea eta urteak eta agintaldiak oso bizkor joan zaizkit. Osasun arazotxo bat izan nuenetik hona, baina, ez nago erabat ondo eta aurreko agintaldian erabaki nuen aurrez erretiratzea. Unai Elkorori alkatetza hartu orduko eman nion horren berri. Udaletxera joan-etorrian nabil, baina badakit lanaren hutsunea igarriko dudala.

Ordu asko udaletxean…

Pentsa! 1988an hasi nintzen eta 2018an erretiratu; 30 urte eta zortzi agintaldi izan dira. Zortzi alkate ezagutu ditut, Jesus Mari Herrastirekin sartu nintzen eta Elkororekin utzi.

Hirigintzako teknikariburu lez ardura handia izan duzu, ala?

Bai; txostenak egin eta defendatu behar nituen Gobernu Batzordean edo zegokion batzordean, eta guztien gustukoak izatea zaila izaten da. Esaten nien: "Hau da nire txostena, eta, ez bazaudete ados, beste bat eskatu"; sekula ez didate eskatu bat zuzentzeko.

Herritarrekin hartu-eman estua izan duzu…

Aretxabaleta, zorionez, ez da herri handia, txikitik gehiago du. Eta horrek esan gura du herritarrok elkar ezagutzen dugula. Beti, eta guztiekin, ezin da izan bat jatorra; batzuetan, ahots tonua altxatu egin behar izan dut, eta, ondorioz, batzuendako harrotxoa izango naiz. Langile sartu berriei beti esan izan diet mordoa ikasiko dutela hemen; zergatik? Arau subsidiarioen berrikusketan parte hartzea tokatuko zaielako, baina baita Maria izeneko bizilagun horren arazotxoa konpontzea ere. 

Aretxabaleta asko aldatu da 30 urtean; zein proiektuk edo obrak eman dizu poztasun handien?

Azpiegitura mordoa egin dira; ur-horniketa eta saneamendu plan berezia, esaterako. Horretarako, auzo osoak altxatu behar izan ziren: Andramari, Loramendi… Horrek bete nau gehien, eta batzuetan ez da samurra izan horren garrantziaz jabearaztea pareko udalbatza! Izan ere, herritarrak ez du ikusten horren garrantzia, lur azpian egindako lan batean hainbeste diru sartu beharra, eta horrek politikoki ez du saltzen. Horrez gain, Kurtzebarri eskolaren handitzea aipatuko nuke. Eskolak duen arazoa kokagunea da, zirkulazioagatik, baina horri, zirkulazio arazoari, heltzear daudela esango nuke; ikerketa bat egitekotan geratu garelako. Oso gustuko dudan beste obra bat Arkupe kultura etxea da, behar-beharrezkoa zelako; eta kiroldegia ere bai; obra izarra izan da hori.

Eta arantzatxorik geratu zaizu?

Ez; nik proposamenak egin izan ditut eta erabakiak politikariek hartu izan dituzte. Hori bai, Udalaren eskumenetik kanpoko kontuengatik geratu zaizkit arantzak; autobideagatik, esaterako. Erdian egotea tokatu zait, lanek kaltetutakoen erdian, eta konpontzeko daude kontuak han. Sinisten ez nituenak defendatu beharra tokatu izan zait, eta hori oso zaila da. Herri txikietan guztiok ezagutzen dugunez elkar –alkatea, lurperatzailea...–, erabaki batzuk baldintzatuta daude. "Tontakeria bat da" esanez pasatzen uzten da, baina gaur pasatzen utzi den tontakeria horrek soka luzea ekar dezake gero.

Norantz jo beharko luke herriak?

Hiru kontu aipatuko nituzke nik. Etxeak egiteko zona gehiago ez da behar. 550 etxe berri egin daitezke gaur egun, arauetan hala dagoelako jasota, baina kostako da horiek guztiak egitea, ez direlako saltzen. Araba ibilbideko San Martin gunea da puntu beltza, nire ustez, berritu barik jarraitzen duelako. Txarapean bukatu barik dauden etxeen gainean esan behar da Kutxabank dela jabea, eta bere promotoreak ez badio heltzen horri zaila izango dela kanpoko batek bukatzea. Industriari dagokionez, ez dago aparteko eskaerarik. Basabe industrialdean hainbat lokal daude hutsik; hortaz, baten bat eske etorriz gero, lekua izango luke. Eta Santutxoren atzeko partea ere badago; hor ere badu lurra Udalak. Hirugarrenik, Udalaren eraikinen gaineko hausnarketa egin behar da, eta badabiltza horretan. Hor ditugu hutsik: kuartel zaharra; Basotxo dagoen eraikina; komentua… Badakit horretan dabiltzala, eta alderdi nagusiak nahiko ados ikusten ditut.

Ordezkorik baduzu?

Nirekin batera lan egin duten bi teknikariak, Saioa Llodio eta Elena Gidello, arduratuko dira, alkateak koordinatuta. Eta aste honetan bertan hastekoa zen hirugarren teknikari bat, Amaia Sologaistoa.

Eta orain zer, obrei begira pasatuko duzu eguna?

Ez dut uste. Oraindik hainbat kontu ditut lotzeko erabat erretiratu aurretik, arkitekto teknikoen elkargotik pasatu, esaterako, erretiratu egin naizela esateko. Lehenengo egin dudana izan da ordenagailua erostea, orain arte etxean ez dudalako behar izan. Eta orain etxean, baina ez naiz geldi egongo…

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak