Berriketan egiteko gertu dauden herritarrak

Mirari Altube Arrese 2018ko urt. 26a, 17:30

Debagoieneko mintzapraktika taldeetako kideak Bergarako Laboratoriumen iaz.

Mintzapraktikako hiru talde lanean dabiltza Aretxabaletan eta laugarrena osatzeko lagun baten beharra dute; euskaraz berba egiteko ohitura duen baten beharra, hain zuzen; horretarako gertu daudenak, Loramendi elkartera gertura daitezela.

Ikasturtea aspaldi hasi zen eta berriketan egiteko elkartzen diren taldeak ere hasita daude lanean. Orain dela urte batzuetatik hona elkartzen diren bi taldeekin batera, aurten beste bat sortu da, eta bidean dira laugarrena sortzeko. Horretarako, lagun baten beharra dute: "Euskaraz berba egiteko ohitura eta soltura duen pertsona. Eguenetan elkartu ahal izango litzatekeena behar dugu, 11:30etik 12:30era, edo egubakoitz goizetan aritzeko aukera duena", diote Loramendi elkarteko kideek. Interesatuek elkartera bertara jo dezakete.

Emakume helduak nagusi

Talde bakoitzak hautatzen du non eta noiz elkartu: "Norberaren egutegira eta ordutegira egokitzen saiatzen gara, ahalik eta erosoen egon daitezen", adierazi du Nerea Zubillagak, Aretxabaletako Barriketan egitasmoaren arduradunak.

Emakume helduak dira, batez ere, Barriketan taldeetan elkartzen direnak: "Gazteengana iristeko zailtasunak ditugu. Baliteke horiek pentsatzea beharrik ez dutela edo… Horregatik, gurasolagun eta hikalagun taldeak sortu gura ditugu; bata, guraso gazteengana ailegatzeko, eta bestea, nagusiek gazteei transmititzeko", dio Zubillagak.

Iaz udazkenean sortutako E! Guraso egitasmoaren indarra aprobetxatu gura dute gurasolagun taldeak abiarazteko: "Barriketanek duen eredua jarraituta sortuko genituzke gurasoen artean, eta taldetxo horiek elkartuko lirateke plazetan, parkeetan…. umeen inguruan". 

Harremanak estutu

Taldeak ez dira irla isolatuak, eta elkarren arteko harremanak sustatzen ere ahalegintzen dira. "Mintzapraktiken gainean Goiena telebistak ekoiztutako dokumentala ikusteko elkartu gara aurtengo ikasturtean. Egitasmoaren gaineko kezkak elkarbanatu zituen bakoitzak orduan, eta kafe baten bueltan eserita berriketan egin. Topaketa hori ikasturtea planifikatzeko ere aprobetxatu genuen, eta proposamentxo batzuk jaso genituen". Horrez gain Leintz Gatzagako museora bisita egiteko asmoa dute aurten, eta, iaz legez, afaltzeko ere elkartuko dira. 

Debagoieneko gainerako taldeekin harreman estua dute, gainera; arduradunak bi astean behin elkartzen dira eta hilabetean behin irteera bat antolatzen dute taldeendako, "harremanak sustatzeko". Hurrengoa bihar, zapatua, izango da; Oñatira joango dira unibertsitatea eta Txokolateixia bisitatzera.

Hasi berri den urterako beste proposamen batzuk ere badituzte Barriketanen bueltan lanean diharduten kideek, hikalagun egitasmoa, besteak beste: "Proposamen horietara herritarrak argi egon daitezela!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak