Sare sozialen, aplikazioen eta programen gaineko ezagutzetan sakondu gura duenak KZgunea du eskura Markole auzoan. Egun erdiz zabaltzen ditu ateak; urtarrilean, esaterako, goizez (09:00- 13:00) eta otsailean, arratsaldez (16:00-20:00). Eta ikastaro mordoa eskaintzen dituzte, debalde guztiak. Bertan, Aitor Madrid soraluzetarrak dihardu gidari lanetan –nahiz eta orain Borja Blanco egon behin-behinean–.
Erretiratuak nagusi
Erretiratuak gerturatzen dira, batez ere, baita langabeak ere. "Lanik barik dauden denbora aprobetxatu gura izaten dute kontu berriak ikasteko", dio Blancok, eta gaineratu du: "Gazteak, ostera, oso gutxi datoz, bakarren bat, eta kanpotarrak izan ohi dira". Emakumeak gehiago izaten direla jakinarazi du, baina gizonezkoak ere ez direla atzera geratzen.
Egunerokoan erabilgarriak diren programen eta aplikazioen gaineko ikastaroak eskatzen dituzte horiek. "Smartphoneen eta tableten inguruko saioak izaten dira gehien ematen direnak. Oso harrera ona daukate".
Erabiltzaileen jakintzari dagokionez, batzuk ezer gutxi jakinda iristen direla dio Blancok, eta horiendako oinarrizko ikastaroak dauzkate: "Nork bere erritmoa dauka ikasteko, eta, taldearen arabera, gehiago sakon genezake edo gutxiago". Oinarria dagoeneko eskuratuta dutenek, ostera, aplikazio zehatzen gainean sakondu gura izaten dute: Googlek eskaintzen dituenak, sare sozialak… Ikastaroetan jarduteko, aurrez eman behar da izena, taldea osatzeko; horretarako, hara jo daiteke, telefonoz deitu (943-02 36 14) edo mezu bat bidali –tutor.aretxabaleta@kzgunea.net–.
Kontsultak egiteko libre
KZgunean dauden ordenagailuetan edonor ibil daiteke, nahiz eta ikastaroetan izenik emanda ez egon. "Programarik ezin da instalatu, inondik inora; gainerakoa libre da. Besteak beste, posta elektronikoa begira daiteke, egunkaria irakurri, bankuko kontuak kontsultatu eta informazioa bilatu".