Aretxabaletako Udalak eta Loramendi Elkarteak elkarlanean, Loramendi dokumentaldia izeneko egitasmoa jarriko dute martxan urtarrilaren 25etik aurrera. Hainbat helbururekin antolatu duten ekimena da: jendea erakarriko duen dokumental sorta eskaintzea, gaietan sakontzeko aukera izatea dokumentalarekin zerikusia duen jendearekin batera, gai ezberdinak ukitzea… Hala, urtarriletik uztailera bitartean, hilero dokumentalak hitzaldiekin lagunduta izango dira ikusgai, udaletxe zaharreko gela sozialean, eguenetan, arratsaldeko sei eta erdietan.
Iaz, hitzaldi ziklo bat prestatu zuen Loramendi elkarteak, eta aurten ibilbide horri jarraipena eman nahi izan diote, beste pizgarri batekin. Honela azaldu du Martin Berrizbeitiak, Loramendi elkarteko kideak: "Pil-pilean dauden gaiekin hitzaldi zikloa antolatu dugu datozen hilabetetarako, baina beste ukitu batekin. Batetik, dokumentalen proiekzioak izango dira, eta, horretan geratu beharrean, ikus-entzunezkoan jorratu den gaia aztertzeko aprobetxatuko dugu".
Gizakia eta zura
Egitasmoari hasiera emateko, urtarrilaren 25ean, 18:30ean, basoaren, zuraren eta euskal gizartearen arteko harremanek izan duten, gaur egun duten eta izango duten balioa gizarteratzea helburu duen Gutik zura dokumentalaren proiekzioa izango da udaletxe zaharrean, eta, horrekin batera, Jon Maia dokumentalaren zuzendariak hitzaldia eskainiko du, dokumentalean ikusitakoak aztertzeko eta gaian sakontzeko.
Euskal Herriaren idiosinkrasian basoa eta zurezko zimenduak daude. Dokumental horretan, antzinatetik etorkizunerako bidaia egingo da, lur honetako gizakiaren eta zuraren arteko harremana azalduz. Dokumentaleko protagonisten bizi-esperientzia pertsonala eta mundu mailako adituen esanak batuz, historia eta istorio konbinaketa poliedriko baten bidez, lehengo, oraingo eta etorkizuneko basoen eta zuraren gako nagusiak azalduko dira.
Herritarrei deia
Dokumentalen proiekzioak, eta horiekin batera uztartuko diren hitzaldiak, udaletxe zaharrean izango dira, eta sarrera doakoa izango da. Hala, Loramendi Elkarteko kideek herritarrak animatu nahi dituzte pil-pilean dauden gaien inguruko dokumentalak ikustera, eta horien azterketara hurbiltzera.
'Loramendi dokumentaldia'
Hona hemen egitaraua:
- Urtarrilak 25: Gutik zura. Jon Maiarekin.
- Martxoak 15: Urzulo. Aloña mendi espeleologia taldearekin.
- Apirilak 26: Dominika film laburra eta Akabuko Mertxea dokumentala. Fredi Paiarekin eta Aitor Gisasolarekin.
- Maiatzak 31: Kurdistan begiratuz. Handik itzuli berria izango den mediku taldearekin.
- Uztailak 5: Gure kabuz ala hil. Ez dago zehaztuta zeinek egingo duen hitzaldia.