Basherri kontsumo taldea 2011ko apiril inguruan sortu zuten hainbat herritarrek Aretxabaletan, eta lehenengo otarrak irailean jaso zituzten. Ordutik martitzen iluntze guztietan (19:00) jasotzen dituzte Maria Jesus Revueltaren ortuko barazkiak eta Etxezuri baserriko ogia.
Asia aldeko produktuak
Joan etorri handia izan da taldean sei urteotan, baina badira hasiera-hasieratik daudenak. "Orain baino gutxiago zeuden orduan. Gaur egun hogei bat lagun daude, batzuek otar handiak jasotzen dituzte eta beste batzuek txikiak", jakinarazi du Revueltak eta pozik agertu da taldeak izan duen bilakaerarekin.
Eskoriatzako Eraña auzoan duen ortu ekologikoaren jarduna ere aldatuaz joan da sei urteotan. Betiko produktuekin batera, ezezagunagoak direnak ere landatzen ditu, probatzearren: "Asia aldetik etorri direnak, adibidez: pak choi, Asiako zarba mota bat; kale…", dio Revueltak eta gaineratu du: "Jendeak pozik hartu izan ditu mota berri horiek, eta prestatzeko oso samurrak dira, gainera". Negu partean barazki gutxiago izango den ustea egon arren ez da zuzena: "Otarretan dakartzagu porruak, aza mota guztiak, eskarolak, patatak, tipulak, kalabazak eta espinakak, oraindik txiki xamarrak badira ere".
Beste herri batzuetako kontsumo taldeekin harremana dute eta kezkak partekatzen dituzte horiekin: "Barazki berri bat landatzerakoan adibidez, zein prezio jarri adosteko. Eta soberan ditugun produktuak trukatu izan ditugu geure artean".
Etxezuriko ogi ekologikoa
Galartza auzoko Etxezuri baserrikoek, ostera, ogia eskaintzen diete taldekideei, ogi ekologikoa. "Meritu handia dute sei urteotan hutsik egin barik martitzenen guztietan agertzea produktuak jasotzen. Gu oso gustura gaude ekimenarekin eta jarraitzeko gertu", jakinarazi dute.
Taldea zabalik
Revueltaren esanetan ortuak ematen du beste sei edo hamar lagun gehiagorendako uzta. Hortaz, pozik hartuko lituzkete kide gehiago bai horrek, bai gainerako kideek. Interesa dutenak edozein martitzenetan (19:00) gertura daitezke Andre Mariaren Zeruratze parrokiaren aurrealdera, eta argibide guztiak emango dizkiete han.
Revueltak uste du herritarrek eskertzen dituztela bertako eta sasoiko produktu ekologikoak: "Gero eta gehiago. Horien usaina, zaporea… Ez dute besteekin zerikusirik!"