Gizarteratzea eta ekintzailetza sustatzea helburu dituen Gu Haziak Gara elkarte aretxabaletarrak hainbat ikastaro antolatu ditu datozen egunetarako. "Jakintza partekatzea eta herritarren arteko harremanak estutzea da helburua", dio elkarteko ordezkari Paloma Martinezek. Horretarako antolatu dituzte joskintza ikastaroa eta ortu ekologikoaren gaineko saioak, eta kakorratz-lanak egiten dituen taldea ere abian da.
Josten ikasteko saioak
Urteak daramatzate elkarteko kideek joskintza lanetan. "Hasieran, goizetan elkartzen ginen, baina orduan, batez ere, etorkinak zetozen. Ondoren, arratsaldeetan hasi ginen eskaintzen saioak eta bertan jaiotakoak bakarrik gerturatzen ziren. Hortaz, beste formula bat bilatze aldera, taldeak nahasteko hiru bat saioko ikastaroak egitea pentsatu dugu". Ane Garai irakasleak oinarrizko kontuak irakatsiko dizkie: josteko makina zelan erabili, praka barrenak hartu… "Irakasleak hainbat laguntzaile izango ditu, Gu Haziak Gara taldeko kideak, harreman berriak sortzeko ahaleginetan", dio. Urtarrilaren 29an, 30ean eta 31n egingo dituzte saioak (15:00-17:00), eta izena emateko epea zabalik dago.
Kakorratz-lanetarako taldea
Kakorratz eta puntu-lanak egiten ere ez dira orain hasi. "2016ko udazkenaz geroztik elkartzen gara talde bat, eta egindako lanen fruituak ikusgai daude han eta hemen; Aretxabaletan bi zuhaitz ditugu apainduta, eta Eskoriatzan, hiru. Azken horietan Eskoriatzako erretiratuek egindako lanekin osatu genituen gureak". Astelehen guztietan elkartzen da talde hori (17:00- 19:00) eta ateak beti dituzte zabalik Iralabarri plazako lokalean. "Ez dago izenik eman beharrik, ez dago saio guztietara etorri beharrik. Elkartzen garenok jarduten dugu lanean, eta bakoitzak dakiena partekatu. Gainera, umeak ere ondoetorriak dira, eta lasai asko egon daitezke gurekin lanean gabiltzan bitartean".
Oinarrizko kontuak ikasten hasi ziren, eta orain, ume-jaioberriendako txanoak egiten dihardute: "Alemaniako lagun batek eman zigun ideia eta txano horiek Arrasateko ospitalean erabil ditzaten eskaini ditugu. Haien erantzunaren zain gaude".
Ortu ekologikoa bultzatzen
Gu Haziak Gara elkarteak ortua ere badu; Oro auzoan, hain zuzen. "Lau bat laguneko taldetxoak daroa hori, baina inor gehiago ez zaigu gerturatu, horregatik, ikastaro bat deitzea pentsatu dugu". Ortu ekologikoetan lursailak zelan gertatu irakatsiko du Zuriñe Peralesek bi saiotan; urtarrilaren 26an (17:00-18:30) argibideak emango ditu, eta 27an (10:00-12:00) praktika lanak egingo dituzte.
Joskintzan jarduteko eta ortu ekologikoaren gaineko saioetarako izen-ematea zabalik dago; hona bideak: guhaziakgara@ gmail.com eta 688 62 37 18. Prezioa 10 euro da eta langabeek debalde izango dute.