Ekainean hamar urte beteko ditu Arkupe kultura etxeak eta harekin batera Udal Liburutegiaren egoitzak. Aldaketa handia ekarri zuen eraikin berriak; leku handiagoa eta aproposagoa eta zerbitzu berriak eskaintzeko aparteko aukera. Hala, erabiltzaile eta langile kopuruak gora egin zuen, baita materialak ere.
Bereizitako guneak
Arratabe jauregiaren alboko eraikinetik egin zuen salto liburutegiak Arkupera. "Egoitza berriarekin aukera izan zen haur txikiendako txoko bat sortzeko –0 eta 5 urte artekoak–, non heldu batekin etorri behar duten eta liburuekin lehen harremanak dituzten", azaldu du Joseba Lopez de Armentiak, hiru liburuzainetako batek. Gainera, helduen eta haurren guneak bereizi zituzten eta zenbait zerbitzuri euren txokoa egin zieten: "Hor daude ordenagailuen aldea, hemeroteka helduen gunean –egunkariak eta aldizkariak irakurtzeko– eta ikasteko tokia. Ikus-entzunezkoak liburutegi zaharrean ere baziren, baina hemen euren tokia dute", gaineratu du. Helduen gunean zortzi ordenagailu daude eta haurrenean, lau; horiek erabiltzen dituzte informazioa bilatzeko, lanak egiteko eta inprimatzeko, baita musika entzuteko eta filmak ikusteko ere. Gainera, wifi zerbitzua dago. "Lehen ere ematen ziren zerbitzu horietako asko, baina, batez ere, haurrek erabiltzen zituzten".
3.726 bazkide
Egoitza berriak erabiltzaile berriak ekarri zituen, eta izugarrizko igoera erabileran: "Maileguak hirukoiztu egin ziren eta bazkide kopuruak ere igoera handia izan zuen", eta horren adibideak eman ditu: "Dokumentuen maileguak gora egin du adin tarte guztietan eta euskarri guztietan; jende gehiago dator ikastera, egunkariak irakurtzera… Ordenagailuen erabilera ere handia da, behera egin duen arren azken urtean, eta ipuin kontalarien saioetara jende asko etortzen da. Liburutegien arteko maileguak ere igoera handia izan du". Horren erakusgarri dira iazko datuak: 3.726 bazkide –helduak, 2.774; haurrak, 943; eta erakundeak, bederatzi– eta maileguan hartutakoak 10.329 liburu eta 4.314 ikus-entzunezko. "3.726 horiek dira gurean izena emanda daukatenak, baina sarean gaudenez erabiltzaile askok beste herri bateko txartela dute, nahiz eta Aretxabaletakoak izan. Era berean, Aretxabaletan izena eman duten kanpotarrak ere izango dira seguru asko".
Herritar gehiagorengana iristeko asmoz, 2010ean ordutegia indartu zuten, eguneroko ordu kopurua luzatuta eta zapatu goizetan zabalduta. 2012an, Bularretik mintzora egitasmoarekin bat egin zuten: "Ordutik hona, haur guztiek dute liburutegiko txartela, eta urtez urte goraka doa nabarmen". Irakurzaletasuna bultzatzeko, hain zuzen, ekintza mordoa egin zituzten iaz; besteak beste, ipuin kontalariekin saioak, umeekin bisita gidatuak eta irakurketa gidak argitaratu –Biblioporrak, Neguko Gida…–.
Txiki geratzen hasita
Hamar urte betetzear dela, liburutegia txiki geratu dela uste dute Lopez de Armentiak eta haren bi lankideek: "Aldaketa batzuk egiteko asmoa daukagu, lekua irabazte aldera. Adibidez, mahai gehiago jarri haurren gunean irakurtzeko eta helduen gunean ikasleendako, azterketa garaietan berehala betetzen dira eta. Baina, oraingoz, asmoak dira", dio, eta gaineratu du: "Irakurketa suspertzeko egitasmoak egiteko gogoa ere badugu, baina, horretarako, aurrekontua handitu egin beharko da, eta ez dakigu zein izango den Udalak onartuko duena". Egun, hiru langile daude bertan, horietako bi egun erdiko jardunarekin, eta horien lan jarduna handitzea ere bada euren eskaera.