Herrialdeen garapen soziala eta ekonomikoa bultzatzeko 25 urtetik gora lanean diharduen Hiruatx elkarteak Ekuadorren jarri du jomuga azken lau urteotan, Napo probintziako Wiñak elkarteko kitxua indigenen artean hain zuzen. Izan ere, nekazari txikiekin osatutako elkarteetan elikadura subiranotasuna bultzatzea eta ezagutzak indartzea du helburu Hiruatxek.
Kakaoa eta guayusa
Emakumeak nagusi diren (%70) Wiñak elkarteak kakao ekologikoa ekoizten du: "Bizitza baldintzak nabarmen hobetzeko gai izan dira bi urtean; saldutako kakaoa seikoiztu egin dutelako", diote Hiruatxeko kideek. 60 tona kakao ekoiztu dituzte eta Italia, Japon eta Estatu Batuetan saldu. Horren oinarrian trebakuntza egon dela jakinarazi dute: "Ekoizpen agro-ekologikorako tekniken gainekoa; eta elkartearen kudeaketa hobetzekoa".
Kakaoa alboratu gabe guayusa, infusioak egiteko basoko landarea, ekoizten hasi dira orain. Horretarako, landarea lehortzeko eguzki-lehorgailuak (bi markesina) eraiki dituzte. Baita guayusa jaso eta gordetzeko tekniken gaineko trebakuntza jaso ere (ziurtagiri organikoa lortzeko formazioa). Salmentarako, ostera, elkarteak dituen kanalak aprobetxatuko dituzte.
Proiektuaren azken berriak gutun bidez eman die Hiruatxek laguntzaile dituen herritarrei: "Bihotzez eskertzen dizuegu gehien behar dutenei ematen diezuen babesa. Hiruatxen lanean jarraituko dugu alternatibak bilatzen eta herri txirotuendako konponbideak bultzatzen". Hala, gogorarazi dute elkarte aretxabaletarrak zabalik dituela laguntzendako kontuak honako hiru kutxatan: Laboral Kutxa, Kutxa eta Fiare.
Ondare publikoko elkarte
Ekuadorko proiektuarekin batera beste hainbat ekimen egin dituzte 2017an, besteak beste, Aretxabaletan egindako Artzain Egunean parte hartu, Oñatiko Herman Soloña GKEarekin elkarlanean jardun eta elikadura bankuaren kanpainari lagundu.
Urte berrirako egitasmoak oraindik ez dituzte guztiz zehaztuta. Eskuartean darabiltenen artean daude Bizkaiko Lumaltik lankidetzarako eta herrien garapenerako erakundeak Chiapasen abian duen proiektu batean parte hartzea. Horrez gain, onura publikoko elkarte izendapena jasotzeko lanean jarraituko dute eta otsailerako espero dute Jaurlaritzaren erantzuna; hala, dohaintzak desgrabatu ahal izango dituzte herritarrek.