Ainhoa Herruzo Caballero: "Sahararrek ez dute ezer, laguntzetatik bizi dira"

Mirari Altube Arrese 2017ko abe. 23a, 18:00

Ainhoa Herruzo eskuak margotuta dituela.

Aitak sortutako okindegian, Loramendi kalean, egiten du lan Ainhoa Herruzo Caballero gazteak (Aretxabaleta, 1988). Aljeriako Aaiun kanpamentuan izan da hamar egunez han dituen lagunak bisitatzen, eta laguntza handia behar dutela gogorarazi gura izan du.

Sahararren kanpamentutik etorri berri zara…

Bai; Aste Santuan eta abenduan joan izan naiz, eta oraingoan, hamar egun pasatu ditut. Lehenengoz joan nintzenean proiektu baten bueltan izan zen, orain dela sei bat urte. Ordutik, hamabigarren bisita izan da, eta orain senide moduan noa.

Izan ere, urtero ekartzen duzu Saharako ume bat uda pasatzera, ezta?

Hori da; gurekin hemen izandako bi umeren familiak daude kanpamentu horretan eta horiekin egoten naiz.

Eta zelan topatu dituzu?

Aurten hobeto. Iaz, uholdeak izan zituzten eta egoera kaskarrean zeuden. Poliki-poliki konponketak egin eta bere onera itzuli dira. Kontuan hartu hango tenperaturak muturrekoak direla, euria egiten duenean ere erruz egiten duela eta etxeak adobearekin egindakoak direla.

Laguntzarekin joaten zarete hemendik?

Saiatzen gara. Botikek emandako materiala eraman dugu, adibidez. Gabonetako otarreak eta loteria ere saltzen dugu hemen dirua lortzeko; eta diru horrekin batetik, behar dituztenak erosten ditugu, eta bestetik, jaitxo bat antolatzen dugu; benetan polita izaten da! Gero, urtean zehar ere saiatzen naiz laguntzen. 

Etxean jasotzen dituzun umeak urtetik urtera aldatu egiten dira?

Bai. Lehen, sei eta zazpi urtetan jarraian etortzen ziren berberak, baina ume horiek hartuko dituzten gero eta familia gutxiago daude hemen; Aretxabaletan bakarra naiz. Horregatik, bi urte baino gehiago ez dira etortzen orain, ahal den ume guztiek irten ahal izateko handik.

Hango bizimodua oso ezberdina da?

Erabat ezberdina; oso pozik bizi dira, besterik ez dute ezagutu eta, baina miseria handia dago. Jasotzen dituzten laguntzetatik bizi dira eta kanpoan bizi diren senideek bidalitakoetatik; izan ere, han ez dute lanik. 42 urte daramatzate euren herritik kanpo eta guztien ametsa da egunen batean hara itzultzea.

Umeen artean ezin gusturago

Umeekin oso gustura izaten da Herruzo, eta horiei laguntzera animatu gura ditu herritarrak. "Hara eramateko arropa –bereziki umeena–, jostailuak, eskolako materiala... jasotzen ditut okindegian. Udan umeak etxean hartzeko familiak ere behar dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak