Kontatzeko asko dagoenean barruan

Mirari Altube Arrese 2017ko abe. 18a, 12:08

Elena de Perea liburuarekin.

Mi caleidoscopio liburua aurkeztu zuen Elena de Pereak joan zen eguenean Arkupen. Arrasaten jaio eta gaur egun Gasteizen bizi den 86 urteko emakumeak bere bizipenak jaso ditu, asko Aretxabaletan gertatuak.

Hunkituta agertu zen Elena de Perea Arkupen elkartu zirenen aurrean, gora behera askoko bizitzan kapitulu oso garrantzitsua izan duelako Aretxabaletak. "Nire bizitzaren oinarria izan da, lagun asko utzi nituen hemen, abizen asko ditut oraindik gogoan: Etxeandia, Bengoa, Gartzia-etxabe, Mendieta, Urreta…"

Aretxabaleta oso aldatua

Oso aldatuta topatu zuen herria, erabat ezezagun egin zitzaizkion kaleak eta bazterrak: "Zenbat hazi den, miraria da gero! Nire sasoian kale bakarra zuen eta etxeak haren bi alboetan; Kalegoixen eta Kalebarren bereizten ziren eta ni Kalegoixenen bizi nintzen". Orduko kontuak ekarri zituen gogora: "Trenak iraultza eragin zuen. Hark markatzen zuen herritarron ordutegia. Ordura arte herriak bakartuta zeuden, isolatuta, eta trenak hara eta hona ibiltzeko aukera eman zigun". Eta gaineratu zuen: "Pentsa, ahots zurien abesbatza osatu zen herrian eta aitaren ahizpa bat Gasteiztik etortzen zen trenean horiek zuzentzera". Orduko Aretxabaletaren arrastorik ez topatu izanak tristura eragin zion: "Hau ez da nire herria. Poztu nau aurrera egin izanak, baina non geratu naiz ni…".

Lau ahizpa, lau familiatara banatuta

Bizi izandakoen, eta liburuan jaso dituen, zertzelada batzuen berri ere eman zuen de Pereak. Aitak, Beroa lantegiko bulegoan egiten zuen lan. Gerra sasoian gasogeno izeneko aparatuan inbertitu zuen dirua baina gerraren bukaerarekin porrot egin zuen horrek, eta diru barik geratu zen. Ama, ostera, oso gazte gaixotu zen tuberkulosiarekin eta laster hil zen: "Lau ahizpa ginen; bata, osasunez makal zebilena, amaren ahizpa batek eroan zuen berarekin Otxandiora. Ni Arrue zaharraren etxera, Aretxabaletara, ekarri ninduten. Eta beste biak, inork ez zituenez nahi, Bermeoko etxe banatara eraman zituzten".

Mojen ikastetxean ziharduen orduan: "Eskolan mantentzeko eskatu zien mojei aitak, baina ezetza jaso zuen. Ondo gogoan dut asko maite ninduen moja batek kaleidoskopio bat oparitu zidala azken egunean". Eta gaineratu du: "Arruetarrak senide ziren, eta Arrue zaharraren etxera eraman ninduten bizi izatera. Arrue zaharra… bere garairako aurreratua zen, berritzailea, baina oso pertsona berezia".

Gaizki-ulertu bat tarteko etxetik bidali egin zuen horrek, eta Bilbora joan zen orduan, bigarrenez ezkonduta zegoen aitaren etxera. Ez zuen denbora askorik egin han ere. Ondoren ezkondu egin zen eta Kolonbiara joan bizi izatera.

Jira eta bira askoko bizitza izan du Elena de Pereak, eta hain zuzen, horregatik jarri dio Mi caleidoscopio izena liburuari: "Kaleidoskopioak lez, buelta bat eman eta beste irudi bat, beste pasarte bat, beste herri bat datorrelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak