Dendariak, ekoizleak eta artisauak. Guztiak batu dira gaur goizean Herriko Plazan zabaldu duten karpan. Kanpoan egiten zuen giro kaxkarretik babestuta, askotariko produktuak ikusteko, erosteko eta dastatzeko aukera egon da bertan.
Hogei postu inguru egon dira denera, horietako batzuk, establezimendurik ez duten ekoizleenak. Horixe da Itsaso Aldairen kasua: "Nik Instagrametik-eta saltzen ditut egiten ditudanak, baina badaude mota horretako plataformarik erabiltzen ez dutenak ere. Eta nire kasuan bezala, horrelako leku batean egoteak salmentak errazten ditu". Kurtzebarri eskolako ikasleek ere izan dute euren txokoa, ikasbidairako dirua lortzeko pastelak eta beste saldu dituzte eta.
Herritarrek erantzun dute, lehenengo orduan martxan jartzea kosta arren, goizak aurrera egin ahala gerturatu da-eta jendea karpara. Gaur 20:30ean itxiko dute karpa, baina bihar ere zabalik egongo da, 10:30etik 14:30era.