'Sugegorriak' antzezlana eskainiko dute Kurtzebarri eskolako ikasleek

Mirari Altube Arrese 2017ko abe. 15a, 18:00

'Karmele Igartua' sorkuntza bekari esker Alaitz Olaizola azpeitiarrak idatzitako lana taularatuko dute Kurtzebarri eskolako bosgarren mailako neska-mutikoek datorren astelehen, martitzen eta eguaztenean Arkupen (18:00).

Karmele Igartua sorkuntza bekaren 2016ko lan irabazlea taularatuko dute: Alaitz Olaizola azpeitiarrak idatzitako eskola antzerkia, hain zuzen ere. Iurgi Etxebarria aretxabaletarra, Apropox Sormen Iturriko gidaria, dabil lantzen ikasleekin: "Zazpigarren urtez nabil lanean eurekin. Beti taularatzen dugu antzezlan bat eskolak bukatutakoan, eta aurten, Sugegorriak izatea eskatu digu Udalak", dio, eta onartu du berezia izaten dabilela: "Batetik, Karmele Igartua idazle aretxabaletarra, eskolako irakaslea, oso gogoan dugulako, eta bestetik, lehenengoz Arkupen eskainiko dugulako gure emanaldia. Hortaz, bai ikasleen, bai horren bueltan lanean gabiltzanon ilusioa eta gogoa handiagoa da". 

Etxebarriak onartu du gogor egin behar izan dutela lan ohi baino denbora laburragoa izan dutelako gertatzeko: "Irailean hasi ginen lanean eta hamabost aste eskas izan ditugu. Dena den, gogotsu jardun dugu, eta erabat gertu izango dugu datorren asterako". 

Ikasleen sorkuntza lana

Sugegorriak lanak kondaira baten berri jaso du. "Gaztetxo batzuk baserrira joango dira belar-mozte lanak egitera, eta han daudela, mundu miragarri batean barneratuko dira; mundu horretatik sartu-irtenean ibiliko dira", azaldu du. 

Ikasleek antzezlan horrekin jardun dute lanean, testuak ikasten eta interpretatzen, baina moldaketa batzuk ere egin dizkiote: "Ikasleen sormena landu gura izan dugu, eta hala, lana geure egin. Gainera, protagonistak oso protagonistak izan behar ziren eta gela bakoitzean hogei ikasle inguru direnez, asko ziren oso gutxi azaltzekoak; horregatik, protagonismoa banatzea pentsatu genuen, eta gehiago azalduko diren pertsonaiak izango dira", eta gaineratu du: "Bosgarren mailan hiru talde daude eta talde bakoitzak bere erara moldatu du; istorioaren muina eta ildoa berbera da, baina bigarren mailako papera duten pertsonaiek euren istoriotxoa garatu dute". Apropox Sormen Iturriko gidariak onartu du horrek lan handiagoa eskatu diela guztiei, baina, era berean, gehiago asebete dituztela. 

Saioak hiru egunetan

Datorren asteko lehen hiru egunetan izango dira saioak. Goizean entseguak egingo dituzte, eta arratsaldean bi saio; lehenengoa, senideendako eta eskolako kideendako, eta bigarrena, herritarrendako (18:00). "Ikasleak urduri daude, baina ilusi handiarekin ere bai. Izan ere, eureganatu egin dutenez lana, oso barruan bizi dute". 

2017ko bekaren irabazlea

Karmele Igartua sorkuntza bekaren VII. edizioa urrian aurkeztu zuten eta aurten film labur baterako gidoia egin beharko da, izan fikziozkoa edo dokumentala. Lanak aurkezteko epea orain dela hilabete bukatu zen eta hogei lanetik gora jaso dituztelako pozik agertu da Joxe Migel Uribarren, Kultura Saileko zinegotzia. Epaimahaia Bergarako Idazle Eskolak izendatuko du, eta erakunde horretako ordezkarien eta literatura munduko pertsonen artean aukeraturiko kideekin osatuko dutela jakinarazi dute. Sari banaketa ekitaldia, ostera, abenduaren 30ean egingo dute (12:00) Arkupe kultura etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak