Azaroaren 25a hurreratzearekin batera emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako aldarrikapenek eta salaketek bat egiten dute, eta Aretxabaletan ere hala izango da. Udalak herritarrak gonbidatu ditu ekitaldiokin bat egitera.
Elkarretaratzea zapatuan, plazan
Zapatua hasteko autodefentsa feminista tailerra egingo dute (09:00-14:00 eta 16:00-18:00) kiroldegian, Emagin ikerkuntza zentro feministako kideek gidatuta. Bizipen eta emozioak konpartituz erasoei aurre egiteko estrategiak landu izenarekin autoestimua, emakumeen arteko sarea eta beste hainbat kontu landuko dituzte. Horretarako aurrez eman behar da izena Arkupen; azken eguna hilaren 23a da.
Azaroaren 25 iluntzean, azken urteotan legez, elkarretaratzea izango da Herriko Plazan (19:00). Eta ondoren, Plataforma Tirante konpainiak La m·quina del DueÒo antzezlana eskainiko du Arkupen (19:30). Antzezlana bukatutakoan mokadutxoa izango dute elkartutakoek kontu-kontari jarduteko.
Bestetik, herriko tabernatan ezpainzapiak banatu dituzte egunotan honako leloarekin: Aretxabaletan ez dugu emakumeen aurkako indarkeriarik onartzen. Ezpainzapi horiek erasoren bat jasanez gero jakin beharreko telefono zenbakien berri dakarte, eta ezetz beti da ezetz leloa gogorarazten dute.
Udalaren konpromisoak
Udalbatzak bestetik, adierazpen instituzional bateratua onartu du biharko egunari begira Eudelen adierazpena oinarri hartuta eta EH Bilduk egindako hainbat ekarpen sartuta: Indarkeria matxistatik libre egongo den gizartearen alde. "Puntu garrantzitsuena da erreparazio-eskubidea aitortzea indarkeriaren biktima direnei", adierazi du Karmele Uribarrik, Ongizate Saileko zinegotziak. Bestetik, indarkeria matxista adiera erabiltzea adostu dute: "Emakumeen aurkako indarkeria esaldiari zehaztasuna falta zaio, eta indarkeria matxista esatea egokiagoa dela uste dugu".
Kezkatuta agertu da Uribarri azken datuak jakinik: "Euskal Autonomi Erkidegoan igoera izan da, bereziki jaietan dabiltza ugaritzen halako kasuak, eta arduratzekoa da hori. Gero, mikromatxismoa ere hor dago; oinarri-oinarrian dagoen indarkeria mota bat da –etxean, eskoletan, publizitatean…– eta hor esku-hartuz gero ondorio asko saihestuko lirateke", dio.
Adierazpen instituzional horren bidez hainbat konpromiso ere hartu ditu Udalak: horri aurre egiteko plan eta neurri estrukturalak garatzen jarraitzea; gizartean aldaketa bultzatzea; beharrezkoak diren baliabideak eskura jartzea; eta 2018ko aurrekontua definitzerakoan, berdintasun-unitateei beharrezko baliabide tekniko eta ekonomikoak ematea. Ildo horretatik, ordezkari politikoek berdintasun politiken gaineko trebakuntza saioa jaso dute astean.