Agintaldi hasieratik daudela kezkatuta Txarapeako mugikortasun ohiturekin adierazi du Ion Albizu zinegotziak: "Azpiegiturekin ez zelako pentsatu erdigunearekin lotura falta dago, eta horrek ekarri du eskailerak egin beharra, bizilagun askok autoa erabiltzea, bizitzera erdigunera aldatzea eta adinduek han etxerik erosi gura ez izatea". Eta gaineratu du Deba ibaiaren eta etxeen arteko berdeguneak egiten duela bereizte lana.
Bizilagun horien iritziak eta beharrak jakin guran galdeketa egin diete; hiru helbururekin hain zuzen ere: mugikortasun ohiturak ezagutu, Txarapeako parkea definitzen joan eta bizilagunen beharrak ezagutu. 250 etxetara jo dute, eta horietatik 81 lagunek erantzun dituzte galderak. Jasotako ekarpenak ere asko izan direla esan dute Albizu zinegotziak eta Olaia Etxenausiak.
Bost galdera
Bost galdera nagusi egin dizkiete.
Txarapeatik herriko beste gune batzuetara zelan joaten diren galdetuta, zera jaso dute: autoan joaten dela lanera gehiengoa; kiroldegira eta aisialdi guneetara oinez; eta eskolara eta erosketak egitera, autoan zein oinez, nahiko parekatuta geratu dira: "Erosketak Aretxabaletan bertan egiteko ere autoan joaten direnak gehiago dira oinezkoak baino".
Herriaren erdigunera oinez joateko bide egoki eta zuzenik ez dagoela erantzun dutenak gehiago izan dira; irisgarritasunari dagokionez ez dagoela egokituta esan dute 30 lagunek baino gehiagok; eta autobus geltokira iristeko ez dagoela arazorik uste du gehiengoak.
Txarapea erdigunearekin lotzeko azpiegitura berriren bat beharrezkoa ikusten duten ere galdetu dute eta lau proposamen eskaini dizkiete EH Bildukoek: eskailera mekanikoa izan da hautatuena; ondoren geratu da igogailua; eta hirugarren postuan, oso parekatuta, arrapala eta eskailera batzuk komentu parean.
Txarapea azpiko berdegunean zer egin galdetuta ia 60 lagunek adierazi dute parkea sortu; ondoren lorategia lantzea hautatu dute; gero, eraikin publikoak egitea; eta azken postuan geratu da dagoenetan uztea.
Eta Txarapeako parke horretan jarriko luketenaren gainean sei proposamen eginda hautatuena izan da zuhaitzak jartzea; ondoren, txintxaunak; kirol instalakuntzak; kultur azpiegiturak; eta gero txakurrak askatzeko gunea.
Bizilagunen ekarpenak
Bizilagunen ekarpen mordoa jaso dituztela jakinarazi du Albizuk, eta horiek hiru multzotan batu dituzte.
Batetik, kexak agertu dituzte bizilagunek bukatu gabeko eraikinen gainekoak (batzuek botatzea eskatu dute, beste batzuek zerbait egitea horiekin), eta garraioari buruzkoak: autobusen ibilbidea, aparkaleku falta, Loramendi kalera jaisten den aldapan zebrabideak jartzea, aldapa norantz bakarrekoa egin eta aparkalekuak sortzea hor...
Bestetik, herriaren erdigunearekin lotura hobetzea eskatu dute (bizikletak kalean uzteko leku bat egokitu erdigunean), garbitasuna hobetzea (garbitzaileak gutxi pasatzen direla, zakarrontzi gehiago...) eta eserleku gehiago jartzea. Markole aldera dagoen zelaiaren inguruko proposamenak ere egin dituzte hainbatek.
Eta hirugarrenik, parkearen gaineko ekarpenak izan dira: plangintza orokorra egitea, zuhaitzak landatzea, lasai eta goxo egoteko lekuak egokitzea, umeendako azpiegiturak, padeleko pistak...
"Egiten diren obren gaineko informazio gutxi ematen dela ere adierazi digute, eta Txarapea osteko ezpondarekin kezkatuta agertu dira hainbat lagun", esan du Albizuk.
Proposamenaren aurkezpena azaroaren 30ean
Horren guztiaren berri jasota kexak eta hobetzeko kontuak Hirigintza Sailera bideratuko dituztela adierazi du Albizuk.
Txarapea azpiko berdegunearen edo parkearen gainean, ostera, proposamen zehatza lantzen dabiltzala argitu du. "Gure nahia da plangintza zehaztuta uztea eta gero lanak fasetan banatuta egitea aurrekontua egokitu ahal izateko. Inbertsio nagusia bi zonaldeen lotura ziurtatzeko azpiegiturarendako izan beharko litzateke". Horren guztiaren berri emango dute datorren eguenean, azaroak 30, udaletxeko osoko bilkuren aretoan (18:30). "Herritar guztiak daude gonbidatuta, guztien ekarpenak jaso gura ditugu-eta".