Hirugarren murala Kurtzebarri eskolaren eraikinean

Mirari Altube Arrese 2017ko aza. 17a, 17:00

Ilargi plazako murala margotzen Gu Haziak Gara elkarteko kideak iazko udan.

Gu Haziak Gara elkarteko kideek hirugarren murala margotuko dute herrian. Aurreko biak baino erronka handiagoari helduko diote oraingoan: Kurtzebarri eskolaren aurrealde guztia margotzea. Abenduan jarriko dute abian prozesua, eta asmoa da udaberri-uda aldera atzealdeko horman lanean hastea.

Lehenengo murala Ilargi plazan egin zuten, herriko feministekin elkarlanean. Bigarrena, Durana kalean, Basotxoko erretiratuekin. Eta hirugarrenak "herri proiektua" izan gura du: "Kurtzebarri eskolako aurrealdea oso-osorik margotuko dugu. Erronka handia, ezta?", dio Gu Haziak Gara elkartearen sortzaile Paloma Martinezek, eta gaineratu du: "Erronka handiena, baina, herri proiektua izatea da, eta ez bakarrik eskolarena".

Margotu aurretik konponketa lanak

Bigarren murala egin ondoren Udalaren aldetik diru-laguntza "polita" jaso zuen elkarteak eta ondoren, Aldunditik ere iritsi zitzaien beste laguntzatxo bat: "Horrek indarra eman zigun bide horretatik jarraitzeko, eta egitasmo handiagoari heltzea pentsatu genuen". Lehenengo Kurtzebarri eskolan aurkeztu zuten asmoa, eta gero udaletxean: "Eskolan oso pozik hartu zuten, eta udaletxean ere baietza eman ziguten inolako trabarik jarri barik".

Eraikina aztertzen hasi zirenean etorri zen traba. Fatxadaren goiko partetik ura pasatzen da eta hezetasun arazoak daude: "Teknikoek aztertu dute eta arazoa fatxada guztiak duela jakinarazi dute. Alkatearekin eta Hirigintza Saileko ordezkariekin egon gara eta datorren urteko aurrekontuan sartuko dutela horren konponketa esan digute, hortaz, aurrera egingo dugu".

Prozesua hastear

Emaitza garrantzitsua dela argi dute baina Gu Haziak Gara elkarteko kideek garrantzi handiagoa ematen diote prozesuari berari: "Herri proiektu bat izan dadin gura dugu, herritar guztiei emanda parte hartzeko aukera". Egunotan jakinaraziko diete Kurtzebarri eskolako gurasoei, baita herritarrei ere komunikabideen bitartez. Eta abenduan abian jarriko dute prozesua. Orduan, 20 laguneko lan-taldea osatuko dute: bost ikasle, bost irakasle, bost guraso eta eskolarekin zerikusirik ez duten bost herritar. Eta hori izango da talde eragilea edo talde motorra.

Muralaren gaia proposatzea izango da lehenengo lana, eta ekarpenak herritar guztiek egin ahal izango dituzte. Horretarako kutxak jarriko dituzte herriko hainbat gunetan. Proposatutako gaien artean aukeraketa bat egingo du talde eragileak: "Eta aukeratutakoen artetik herritarrek gustukoena hautatu ahal izango dute".

Gaiarekin batera mezua aukeratuko da, eta ondoren, mezu horri zein irudi egokitu hautatuko da. "Irudi zaparrada eskatuko dugu orduan, hau da, irudien, marrazkien ideiak. Ideia horietatik hiru eta bost artean hautatuko ditugu berriro, guztion artean". Ondoren, zirriborro osoa egingo da eta horretarako artistei egin diete dei: "Izaro eta Kepa aretxabaletarrak, eta Joana eta Helena arrasatearrak inguruan ditugu, baina, ahal den artista gehienek parte hartzea gurako genuke". Eta hori ere bozkatu egingo da behin betikoa aukeratzeko.

Abendua eta maiatza artean burutu gura dute prozesua eta 2018ko uda partean eskolaren atzealdeko fatxada margotzen hasi. Aurretik, esandako moduan, konpondu egin behar da hezetasun arazoa. "Hiru urterako kontua izango dela uste dugu guk, baina Udal ordezkariei luzea iruditu zaie. Ikusiko dugu...", dio Martinezek eta gaineratu du: "Aurreko muralen prozesuak oso politak izan dira; biak ezberdinak, eta era berean oso aberasgarriak. Hirugarren honek, baina, beste biak gainditu egingo ditu, eta oraindik eta politagoa izango da herri guztia inplikatuz gero".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak