Jose Manuel Mateos aretxabaletarrak egurrezko maketak jarri ditu ikusgai Arkupe kultur etxean. Azaroaren 2an ireki zuten erakusketa, eta azaroaren 25era arte haren lanak ikusteko aukera izango da, honako ordutegi honetan: 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara astegunetan 11:00etatik 13:00etara zapatuetan. Domeketan eta jaiegunetan, berriz, itxita egongo da.
Zein lan ikusi ditzakegu Arkupen jarri duzun erakusketan?
Hamar maketa ekarri ditut. Batez ere, katedralenak: Salamancako Clerecia, Sevillako Giralda, Santiagoko katedrala, Londresko Big Ben, Burgosko katedrala, Aretxabaletako Andre Mariaren Jasokundearen parrokia, Salamancako plaza nagusia, Donostiako Artzain Onaren katedrala, Otalorako dorretxea eta Leongo katedrala.
Nolakoa da halako lan bat gauzatzeko prozesua?
Detaile asko dituen eraikin bat egiteko ordu asko behar dira. Orain, erretiratuta nagoenez, momentu onean nago. Argazkiak atera, neurriak hartu, marrazkiak egin… nire denbora hartzen dut. Guztiak egurrez soilik eginak daudenez, zortzi hilabete inguru behar izaten ditut halako maketa bat egiteko. Barrutik, berriz, hutsak uzten ditut, eta argia ere jarri diezaiokezu, nahi izanez gero.
Nola hasi zinen?
Gaztetatik, egurrarekin asko aritu naiz, gauzatxoak egiten, eta nire ilusioa katedralak egitea zen. Lehenengo lana Leongo katedrala izan zen, erakusketan ikusgai dagoena. Marraztu barik egin nuen, eta egur asko bota behar izan nuen lan hori bukatzeko.
Preziorik ez duten lanak dira?
Duela zortzi urte inguru, maketen inguruko beste erakusketa bat egin nuen Aretxabaletan, eta orduan alkate zen Inaxio Garrori saldu nion bat. Udaletxearen maketa zen, eta 300 euro inguruan saldu nion. Hala ere, ez zait lanak saltzea gustatzen, oparitu egin izan ditut, baina ordu asko sartu ditut lanak egiteko; ordainezinak direla esan daiteke. Orain jarri berri dudan erakusketan, Londresko Big Ben-en maketa gustatu zaion pertsona bat etorri zait erosteko gogoz, ikusiko dugu…
Maketez gain, koadroak
Arkupeko kultura etxeko erakusketan ikusi daitezkeen eraikinen maketez gain, Jose Manuel Mateos artistak urteetan zehar margotutako koadroak ere badaude. Paisaiak, natura hilak, figurak, aurpegiak… era askotakoak daude.