Urak eramandako bideak izenarekin, mendi ibilaldia antolatu du Loramendi elkarteak azaroaren 11rako. Iragarri dute Otalorako aparkalekuan elkartu (09:00) eta lau ordu inguruko ibilaldia izango dela urtegiaren bueltan, urak estalita egon izan ohi diren txokoak ikusita. Hori baino lehen, datorren eguenean, azaroak 9, ibilbidea bera aurkeztuko diete herritarrei, eta hainbat argibide eman. Argazkiak eta ortoargazkiak erakutsiko dituzte orduan, eta inguru hartako leku-izenen azalpenekin osatu. Udaletxe zaharrean izango da aurkezpen ekitaldi hori, 19:00etan.
Argazki zaharrak
"Toponimia kontuetan gabiltzanok Loramendi elkartean Aretxabaletako toki askotako izenak jasotzen gabiltza, eta dagoeneko urtegiko urak ezkutatutako paraje askorenak ere jasota ditugu", azaldu du Julen Abasolok, toponimia taldeko kideetako batek. Horren berri, baina, zelan eman eta zelan erakutsi izan dute kezka, eta, urtegiko ur maila oso behean dagoela ikusirik, horixe aprobetxatu gura dute: "Hainbat paraje eta etxe hondar agerian daude, hori aprobetxatuta, ur azpian gelditu ziren bide horietatik ibiliko gara hango kontuak kontatuz".
Urtegia eraikitzean, 1978an, desagertu zen hori guztia azaleratzea da helburua. "Gaur Islie esaten dioguna, benetan, Arrua edo Torraldegain edo Olalde aldeak ziren. Eta non zeuden Urkuluko errota, Errotazahar edo Goikoerrota? Eta Siondo, Moxuena edo Florekue? Azken bi horiek guk geuk ere oraintsu ikasi ditugu". Horretarako, garai hartako argazki zahar batzuk erakutsiko dituzte, baita Geoeuskadi webgunea erabili ere.
Sei kilometroko ibilaldia
Azaroaren 11n, zapatua, urak gordeta izan ohi dituen bide horietan ibiliko dira. Lau orduko ibilbidea iragarri dute, baina ez bidea luzea delako: "Sei kilometro bakarrik izango dira, eta oso aldapa gutxirekin. Horretarako ez da hainbeste denbora behar, baina lau ordu jarri ditugu, kontu asko ditugulako kontatzeko", argitu du Abasolok, eta gaineratu: "Paraje horietatik alde egin zuen jendea gogoan izango dugu, eta pasarte asko kontatzea da asmoa. Kontu horiek jarriko dute saltsa". Ibilaldiaren hasiera eta bukaera Otalorako aparkalekuan izango da, baina beste geldialditxo bat ere iragarri dute: Goroeta auzoko eliz-ondoa. "Eskolako kontuak izango ditugu han kontatzeko. Gainera, oker ez banago, laster desagertu egingo da eskola hori; hortaz, azken agurra izan daiteke. Horrekin batera, bertako taberna, bizartegia eta beste hainbat kontu izango ditugu berbetarako gai".
Gidari lanetan toponimia taldeko kideek jardungo dute, Abasolok berak eta Gorka Madinabeitiak, besteak beste, baina inguru haietako auzotarren laguntzarekin: "Geurekin izango ditugu garai haiek bizi izan zituztenak, bertakoak; ea euren ahotik entzuten ditugun kontu gehienak, guk dakiguna haiei entzundakoa da eta".
Dokumentala egiteko asmoa
Toponimia taldeko kideen asmoa da kontakizun horiek guztiak dokumental batean jasotzea. Izan ere, jakin badakite jaso ezean ahaztu eta ondorioz galdu egingo direla bai toponimia, bai hango bizimoduaren gaineko istorio horiek guztiak.