Hiru urterako hitzarmena sinatu zuen San Juan de Dios ospitalearekin UDAk uztailean, "jokalarien bizitza osasuntsuaren alde" lan egiteko, eta dagoeneko hasi dira horretan; eguaztenean, Gesalibar auzoan dagoen ospitalean izan zen talde handi bat, eta hiru orduko lan-saioa egin.
"Proiektu honetan sinistu egiten dugu, bihotzetik egingo dugu, eta gure indarrak hor jarri ditugu", adierazi dute horren ardura izango duten Agurtzane Elkorok eta Julen Ezeizak, UDAko zuzendaritzako kideek. 15 urteko jokalariak joan ziren eguaztenean, neska zein mutil, 27 guztira, eta, horiekin batera, bost hezitzaile, hiru guraso eta zuzendaritzako bi kide. "Esperientzia gogorra izan da, baina, era berean, oso positiboa. Asko dugu ikasteko eta gogotsu ekin diogu proiektuari", dio Elkorok.
Azaroaren 8an, ostera, 16 urteko kirolariak joango dira San Juan de Diosera. Ospitaletik pasatutako kirolari horiek guztiak trebakuntza jasotzen dabiltza esperientziak entzunda, eta gero eurak izango dira gainerako kirolariei transmitituko dietenak: "Hala, kirolari guztiek landuko dute gaia, hasi lehenengo mailatik eta gorenerainokoek, baita Leintz Arizmendi taldekoek ere". Hiru urterako proiektua da eta galdeketa bidez egingo diote jarraipena, bukaeran ondorioak ateratzeko.
Ikastetxeak ere lanean
Ikastetxeek ere jarri dute abian substantzien gehiegizko kontsumoari aurre egiteko egitasmoa Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalekin elkarlanean. Lehenengo eta bigarren hezkuntzetan eta batxilergoan landuko dute gaia, eta horretarako adituen laguntza izango dute: Sasoia taldearena eta San Juan de Dios ospitalearena.
Durangoko Sasoia taldeak tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa landuko ditu lehen hezkuntzako seigarren mailako ikasleekin eta DBHko lehenengo eta hirugarren mailetakoekin. San Juan de Dios ospitaleko adituek, ostera, kalamuaren kontsumoa izango dute ardatz, eta DBHko bigarren eta batxilergoko lehen mailakoekin jardungo dute; horretarako, ospitalera bertara ere joango dira. Hainbat fase ditu proiektuak eta irakasleek eta familiek ere hartuko dute parte.
Gurasoak kezkatuta
Bestetik, hainbat gazteren amak oso kezkatuta agertu dira gaiarekin, eta laguntza eskatze aldera horren berri eman gura izan dute: "Drogen kontua ez da berria, baina une honetan egoera larritzen dabilela uste dugu. 17 eta 22 urte arteko hainbat dira putzu arriskutsuan sartzen dabiltzanak, eta amok ez dakigu zer egin, nora jo…", dio izenik eman gura ez duen ama batek, beldurra ere baduelako. "Oso eskura dute droga eta gehiagora doa. Azter dezatela nondik dakarten, zeinek ematen dien… Kontrol gehiago edo… Ertzaintzak ezin dio arazoari heldu?", adierazi du, larrituta.
Azken hilabeteotan areagotu egin den kezka horren berri Unai Elkoro alkateak ere badu. Hain zuzen, egunotan bilera dauka Segurtasun Saileko kideekin, eta gaia mahai gainean jartzeko asmoa agertu du: "Ea ordu batzuetan, behintzat, aktiboagoak izan daitezkeen. Era berean, inguruko herrietan ere badagoela kezka hori ikusi dugu, Arrasaten, adibidez, eta ea guztion artean koordinatuta lortzen dugun zerbait egitea".
Argi du, gainera, indarrak batuta aurre egin beharreko kontua dela: "Hezkuntzan landu behar da gaia, familian ere bai, eta orokorrean gizartean, baina gaztetxoak direnean, behin edade batetik aurrera askoz zailagoa delako eragitea".