Muskuluetako gaitz degeneratiboa zuen Prietok eta aspaldi zuen lagun gurpildun aulkia. Eskuak ere gelditu zitzaizkion eta ahotsa ere moteltzen joan zitzaion, baina burua beti bizkor eta lanerako izugarrizko gogoa. Ordenagailuak lagun eginda jarraitu zuen hain zuzen lanean. Bi blog zituen; bata, historia kontuak jasotzen zituena: Rinconcito de los Sueños. Izan ere, historia ikasketak egin zituen Gasteizen. Eta bestea Aretxabaleta kirol elkarteko futbol kontuen gainekoa: Pasión Celeste. 2015ean Udal hauteskundeetara aurkeztu zen EH Bilduren zerrendan, baita zinegotzi kargua hartu ere, Aretxabaletaren alde lan egiteko gogotsu; eta horretan jardun du bi urte pasatxoan.
2014an egindako elkarrizketan zera zioen berak: "2011n osasun arazo larriak izan nituen. Orduan jabetu nintzen bizitzak edozein unetan esan dezakeela agur, eta egunerokoa bizi behar dela, ahal den energia guztiarekin, gainera". Eta halaxe bizi izan da azken uneraino, beti Pepi Rosado ama alboan zuela. Hutsune galanta utzi du aretxabaletar askoren bihotzetan. Goian bego.