"Beti gustatu izan zait idaztea, Loramendik antolatutako ipuin lehiaketara beti aurkezten nintzen, baina neuretako idazten nuen batez ere. 2011n osasun arazo larriak izan nituen. Orduan jabetu nintzen bizitzak edozein unetan esan dezakeela agur, eta egunerokoa bizi behar dela, ahal den energia guztiarekin, gainera. Eta erabaki nuen gustuko dudana egitea. Ospitalean bertan hasi nintzen bloga zelakoa izango zen pentsatzen", jakinarazi du 31 urte dituen Prietok.
Orduan etorri zen El Rinconcito de los Sueños. Historia kontuak jasotzen ditu batez ere, eta baita kultura, literatura, musika eta gaur egungo kontuak ere. "Historia da nire pasiorik handiena. Oso goiz jakin nuen historian lizentziatu gura nuela. Hori baino gehiago, nire bizitzako ardatzetako bat da; beti izan da nire babesleku txikia arazoak izan ditudanean", dio. Gaur egungo kontuen gainean ere idazten du noiz edo noiz, "gizartearengan konfiantza handia" duelako, baina historia kontuak dira nagusi: "Jendeak iragana ezagut dezan gura dut, egindako akatsak errepikatu barik jo dezagun aurrera. Batzuetan historiak erakusten du nondik jo", dio.
Eta Aretxabaletako kontuak ere aztertu izan ditu, "oso interesgarriak" direlako: "Orain, esaterako, XVIII. mendeko testamentu batzuk aztertzen nabil. Oraindik ez dakit zer egingo dudan horiekin, baina gurako nuke Aretxabaletako hileta errituen gaineko zerbait idaztea".
UDA bihotzean
"UDA da nire beste pasioa. Beti egon naiz nolabait elkarteari lotua, aitak eta anaiak kamiseta urdina jantzi dute-eta. Txikitatik eraman izan naute partiduak ikustera eta orduz gero jarraipena egiten diet UDAko futbol talde guztiei", argitu du. Hala, Ibarra futbol zelaian jokatzen diren partidu guztietan egoten saiatzen da, "neguan oso eguraldi txarra egiten duenen baten huts egingo nuen". Eta iaz Pasión Celeste bloga sortu zuen. "UDAren historiaren gaineko zerbait ere sartu izan dut, baita futbolaren inguruan sortutako albiste kuriosoak ere: futbol jokalari ezezagunak, ezohiko lehiaketak…". Eta denbora gutxian, ondo pasatzeko abian jarritako blog horrek harrera bikaina izan du: "Zuzendaritza batzordeko kideak oso ondo portatu ziren, lotura UDAren web atarian sartu zuten eta jarraitzaile mordoa hurbildu ziren horren bitartez. Hori bakarrik ere saria da niretzat, eta gainera, sortu berri duten ohorezko bazkide izendatzea… Beti izango dut bihotzean", esan du.
Hector Prieto, motzean
Zelan definituko zenuke XXI. mendea?
Aldaketa garaia, bai historikoa, bai mentalitate aldaketa, espero dezagun onerako izatea.
Historiako lorpen bat aukeratu.
Errusiako iraultza, bukatu bako ametsen garaia.
Historiako zein garai gurako zenuke bizi izana?
Erdi Aroa, batez ere Al Andalus ezagutu izana.
Eta historiako zein pertsonaia?
Che Guevara komandantea.
Aretxabaletan gertatutako zein gertakari?
Gerra Zibil garaian, gudarien batailoiek herria ausardia handiz defendatu izana Murumendi magalean. Arma askoz gutxiago zituzten baina heroikoki eutsi zioten. Gerra hartan Aretxabaletako gazte askok galdu zuten bizia.
UDA lehenengo taldea, eta bigarrena?
Athletic, etxean denok gara zuri-gorriak, ja, ja, ja…
Eta UDA berriro hirugarren mailan laster?
Espero baietz, denboraldia ondo hasiz gero lor daiteke.
Zein fitxatuko zenuke?
Nik Barkero ikusi gurako nuke UDAren kamisetarekin.
Zein albistek poztuko zintuzke asko?
Azkenean gizakiak elkarri min egiten utzi diogula jakiteak; guztiondako lekua eta jatekoa izanik; eta zailena, banatu beharra dugula konbentzituta.