'E! guraso', euskaraz jarduteko gertu?

Mirari Altube Arrese 2017ko urr. 17a, 17:02

Aretxabaletako guraso taldetxo batek E! guraso ekimena jarri du abian euskararen egoerarekin kezkatuta. Euskararen erabilerak gora egiteko helburuarekin astebetez euskaraz bakarrik jarduteko konpromisoa eskatu die herriko gainerako gurasoei.

"Aretxabaletarren %40k egiten duela euskaraz diote azken ikerketek eta gutxitxo iruditu zitzaigun hainbati", adierazi du Iurgi Etxebarriak, ekimenaren bultzatzailea den gurasoetako batek, eta gaineratu du: "Jakin dugu hainbat herritan egin dituztela esperimentuak: astebetez euskaraz bakarrik jardutea. Eta horri heltzea erabaki dugu geuk ere". Gurasoen artean eta gurasoak haurrekin egon ohi diren eremuetan euskara gehiago erabiltzea dute helburu, eta bide batez, seme-alabendako eredu izatea: "Norbere hizkuntza ohiturez kontzientzia hartzea edo guraso guztiei euskaraz bizitzeko baliabideak eskaintzea ere gurako genuke".

Horren berri emateko dei egin zieten atzo, astelehena, guraso aretxabaletarrei Herriko Plazara. Baita mordotxo batek erantzun ere dei horri. Eta, euskaraz bakarrik berba egiteko konpromisoa eskatu zieten: "Euskaraz jakin ez eta ulertzen duenak ere parte har dezake, beste gurasoei berarekin euskaraz egin dezaketela adierazita", jakinarazi du Goretti Aiastuik, talde sortzaileko beste guraso batek. Erronka horretan parte hartuko duten gurasoei arropan jartzeko txapak banatuko dizkiete; berdea, euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzen dutenei, eta horia, berarekin euskaraz hitz egin dezaten nahi duten gurasoei.

Azaroaren 6tik abenduaren 1era bitartean

Ekimenaren berri orain eman arren azaroaren 6an jarriko dute abian. Izena emandako gurasoak lau taldetan banatuko dituzte, eta aste bakoitzean guraso talde bat izango da konprometitua: "Baina nahi izanez gero beste aste guztietan ere erronkarekin jarraitu ahal izango du".

Izena emateko epea dagoeneko zabaldu dute. Ikastetxeen bitartez egin daiteke hori (gutuna jasoko dute etxean) edo Loramendira bideratuta. Helbide elektroniko bidez ere egin daiteke eskaera: eguraso@gmail.com. Ondoren, antolatzaileek adieraziko diete zein aste egokitu zaion bakoitzari.

"Kezkak batu gaitu eta ilusio handiarekin gabiltza lanean. Eraiki dezagun guztion artean Aretxabaleta euskaldun bat, animatu zaitezte parte hartzera, ez zarete damutuko eta!", adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak