Euskararen erabilera indartzea helburu duen dinamiken bila hasiko dira Aretxabaletan

Mirari Altube Arrese 2017ko urr. 10a, 18:00

Hitz egin izeneko ekimena jarri du abian Loramendi elkarteak Aretxabaleta euskalduntzeko zein lan egin eta nola zehazteko. Prozesu parte-hartzailea zabalduko du eta hiru bilera egingo dituzte herritarrekin: urriaren 21ean eta azaroaren 4an eta 18an. Ateak edonorendako dituzte zabalik.

Zein dinamika garatu behar ditugu Aretxabaletan euskararen erabilera indartzeko? Galdera horri erantzuten saiatuko dira datozen asteetan Hitz egin izeneko ekimenaren bueltan. Loramendi elkarteak jarri du abian, Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskaltzaleen Topagunearen babesarekin, eta prozesu parte hartzailea izan gura du: "Hiru egunez Aretxabaletako euskaltzaleak batu egingo gara herriko kolektibo ezberdinak barne hartuko dituen talde bat osatuz (gurasoak, helduak, gazteak, musikariak, kirolariak, merkatariak…)".

Hiru egun horiek zapatuak dira, honako hauek: urriak 21, eta azaroak 4 eta 18. Arkupen izango dira bilera guztiak, 09:30etik 12:30era. "Aretxabaleta euskalduntzeko zein lan eta nola egin behar dugun erabakiko dugu guztion artean hiru bilera horietan. Horretarako zu bezalako euskaltzaleen laguntza ezinbestekoa da", diote egitasmoaren bultzatzaileek, eta gaineratu dute: "Pasa gaitezen hitz-egitetik egitera!".

Izenematea Loramendin

Ekimenaren talde eragilea orain dela hainbat hilabete hasi zen lanean, eta dagoeneko herriko hainbat lagunekin egon dira lan-taldeak osatzeko. Dena den, bileretarako deialdi irekia egin dute antolatzaileek, hortaz, interesa duen edonork parte har dezake hausnarketa prozesuan. Horretarako, baina, aurrez izena emateko eskatu dute honako helbidera idatzita: euskara@loramendielkartea.eus. Argibideak ere bertan emango dituzte.

365 egun proiektua

Bilera horietan jasotako ekarpenetatik abiatuta hainbat esparrutako proposamenak eta plangintzak garatu gura dituzte, baita 365 egun proiektu berrirako ere. Hain zuzen 365 egun proiektu hori Eusko Jaurlaritzaren eta Euskaltzaleen Topagunearen artean garatu dute, eta joan zen zapatuan aurkeztu Donostian. Abenduaren 3an hasita nazio mailan jarriko da martxan eta horren helburua da euskaltzaleak aktibatzea, egunerokoan euskarazko hizkuntza praktikak areagotzea eta hizkuntza ohituretan eragitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak