Aretxabaleta Lagunkoia egitasmoa lantzen hasteko gertu

Mirari Altube Arrese 2017ko urr. 10a, 09:22

Euskadi Lagunkoia egitasmora batuko da Aretxabaleta eta urriaren 19an egingo du talde eragileak lehen bilera. Ondoren lantaldea osatuko dute eta orain dela lau urte Basotxo erretiratuen elkarteak egindako diagnostikotik abiatuta hasiko dira lanean.

Euskadi Lagunkoia egitasmoarekin bat egitea onartu zuen Udalak uztaileko osoko bilkuran, eta urrian jarriko du hori abian. Ez dira, baina, hutsetik hasiko lanean, orain dela lau urte egin zutelako Basotxo erretiratuen elkarteko kideek Aretxabaletako diagnostikoa.

Herri lagunkoien kontua Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) bultzatutako egitasmoa da, eta Jaurlaritzak ere horrekin bat egin du. Herri lagunkoi definitzerakoan zera diote: "Ingurune integratzailea eta irisgarria da, pertsonen arteko bizikidetza eta adinekoen zahartze aktiboa sustatzen duena". Hala, adinekoen parte hartzetik abiatuta herriaren gaineko diagnostiko bat egingo da, eta gero ekintza plan bat idatzi lagunkoi izateko eginbeharrak zehazteko. "Euskadi Lagunkoiak antolatutako jardunaldi batean lehen eskutik ezagutu genuen egitasmoa, eta Udal gobernuaren jarrera irekiarekin bat egiten duenez horri heltzea erabaki genuen", azaldu du Karmele Uribarri Ongizate Saileko zinegotziak, eta gaineratu du: "Diagnostikoa, gainera eginda dago. Lan hori egindakoekin bilera egin dugu dagoeneko, eta talde eragileko kide izan daitezen eskatu diegu". Talde eragile horrek berrikusi eta eguneratu egingo du diagnostiko hura, eta ondoren talde handiagoa osatuko dute lana osatzen joateko. Hiru urterako ekintza plana zehaztuko dute gero.

Debagoiena Gipuzkoan aitzindari 

Basotxoko zuzendaritza batzordeko kide Pedro Etxebarriak jarri zuen abian 2013an egitasmoa eta orain ere bera izango da bultzatzailea. "Hitz egiten ikasteko ikastaroa antolatu genuen orduan, eta lantzeko gaia izan zen Aretxabaleta herri lagunkoia egitasmoa. 21 lagun elkartu ginen eta hamabost bilera egin genituen. Bukatutakoan konturatu ginen Udalarendako tresna interesgarria zela gure lana", jakinarazi du Etxebarriak. 

Etxebarria ordezkari den Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteak hartu zuen Jaurlaritzako planaren garapenean jarduteko ardura, eta Antzuola izan zen lanean hasi zen lehenengo herria: "Bikaina da han egindako proiektua, ez dut hoberik ezagutzen". Debagoieneko gainerako herriak ere lanean dabiltzala azaldu du: "Eskoriatzak asko aurreratu du; Bergaran ere proiektu polita dute; eta nire nahia da gainerako herrietan ere abiaraztea". 

Zortzi esparru lantzeko 

Lagunkoitasun mailaren diagnostikoa egiterakoan zortzi esparru hartzen dira kontuan: garraioa; etxebizitza; parte-hartzea eta gizarte sarea; errespetua; herritarren parte-hartzea eta enplegua; komunikazioa eta informazioa; gizarte eta osasun zerbitzuak; eta aire zabaleko lekuak eta eraikinak. "Kontu horiek guztiak lanean hasiko den taldeak zehaztuko ditu", dio Etxebarriak. Hori horrela, irisgarritasun arazoei helduko diete, etxebizitza eta garraio kontuei…: "Antzeman genituen gurpildun aulkiak pasatzeko maila handiegiak, espaloi labanak, zuhaitzen inguruetan zintarri arriskutsuak… Adibidez, parrokiatik Lausittara doan ibai gaineko espaloia zabaltzeko eskaera orduan jaso genuen", eta gaineratu du: "Baina badaude beste arlo batzuk ere, adibidez, medikuarengana joan eta horrek aurpegira begiratu gabe hitz-egitea; garraio kontuak…

Urriaren 19an talde eragilea elkartuko da eta lanean hasi. Ondoren deialdi zabala egingo dute eta beste eragile batzuk sartu lan talde anitza eratzeko. "Nagusiekin batera, nagusien zaintzaileak parte hartzea ere oso interesgarria da. Era berean, zaharren egoitzan bertan beste lantalde bat osatzea gurako nuke", dio Etxebarriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak