Orain dela urtebete inguru herriko gazteen gaineko diagnostikoa egin zuen Prebentzio Sailak, eta orduan, kale hezitzaileen beharra geratu zen agerian Karmele Uribarri gizarte zerbitzuetako zinegotziaren esanetan: "Gizarte bazterkeria arriskuan zeuden gazteekin lan egiteko hain zuzen ere". Horri heldu diote orain eta irailaz geroztik lanean dabiltza Nerea Sanchez eta Manex Lizarra.
Gazteen bidelagun
Kalean egingo dute lan hezitzaile horiek adin txikikoekin, 12 eta 18 urte artekoekin batez ere. Esku-hartze sozio hezitzailea garatzea da asmoa, baina beti ere gaztetxoak euren testuingurutik atera gabe, hau da, errespetatuta euren eremuak, harreman sareak… Hortik abiatuta harreman hezitzailea sortzea izango dute helburu: "Aisialdi garaian, denbora librean, egongo gara eurekin eta harreman osasuntsuak eta konfiantzazkoa sortzea izango da gure egitekoa", adierazi du Lizarrak eta Sanchezek gaineratu du: "Bidelagun izango gaituzte kalean eta oinarria izango da laguntza ematea; hortaz, kale hezitzaileak izango gara, lagunak ere bai, konfiantzazko pertsonak, eredu garen helduak… eta eskuragarri izango gaituzte behar dutenerako". Era berean, gazteei erakutsiko dizkiete herrian dituzten baliabideak eta horien erabilera sustatuko dute.
Hiru alorretan egingo dituztela esku-hartzeak jakinarazi dute hezitzaileek: banaka; taldean, kuadrilla naturalean zein artifizialki sortutakoan; eta komunitatean. "Eta hau zelan sustatu? Ekintza alternatiboak sortuko ditugu gazteen interesetatik abiatuta. Euren eskaerei eta beharrei erantzuten saiatuko gara", azaldu du Lizarrak. Eta horretako herriko eragileekin elkarlanean jardungo dute.
Ikastetxeetatik kalera
Lanean hasi zirenetik hilabete pasatu berri da, eta hasierako fasean daudela oraindik adierazi du Sanchezek: "Biok gara kanpotarrak, hortaz, Aretxabaleta ezagutzen jardun dugu: zerbitzuak, baliabideak, Udalaren funtzionamendua…", eta Lizarrak gaineratu du: "Gazteak mugitzen diren eremuak ezagutzen ere izan gara, horien ordutegia…". Horrez gain, ikastetxeetara jo dute, bertako orientatzaileekin elkartu dira eta Udaleko teknikariak ere ezagutu dituzte, "sare bat osatzen joateko".
Bigarren pausua emateko gertu daude orain, hau da, gazteekin harremanak sendotzea: "Konfiantza irabazteko denbora behar da. Hasieran oztopoak jarriko dituzte, seguru, baina behin eta berriz joango gara irekitzen hasi arte. Zenbat denbora beharko den horretarako? Ez dakigu. Prozesu bat dela kontua hartu behar da eta mimo eta pazientzia handiarekin jokatu".
Lehenago ez bada beranduago ekintza alternatiba bat sortzeko asmoa dute; hori izango da hain zuzen gazteengana gerturatzeko aitzakia: "Haien interesak ezagutzera joango gara: zer duten gustuko, zer botatzen duten faltan herrian, zer egin gurako luketen… galdetuko diegu".
Lizarrak badu eskarmentua aurretik eta ezinbesteko programa dela herri batean uste du. Bi eta lau urte artean garatuko dute Aretxabaletan.